Gaztelugatxeko sarrera 'ticketing' sistemagaz kontrolatuko dute
Aldundiak ticketing sistema digitalagaz kontrolatuko du Gaztelugatxeko sarrera udan. Urizarretako eta Ermuko jaitsieretako bi kontrolguneetan tiketak jasotzeagaz bateragarria izango da sistema berritzaile hori. Bi kasuetan ere, tiketak derrigorrezkoak ...
Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatuaren arabera, biotopo babesturako «bisitarien esperientzia hobetzeko» helburuagaz sortu dute sistema digitala, bisitarien «jarioa kontrolatzeko».
Aldundiaren webgunean Gaztelugatxeri buruzko atalean tiketak erreserbatu daitezke dagoeneko. Tiketa paperean inprimatuta zein gailu mugikor batean deskargatuta eraman ahal izango da, kontrolguneetan bisitari jarioa arautzen duten langileei erakusteko.
Bestelako neurriak
Aldundiak beste berrikuntza batzuk jarriko ditu martxan udan. Besteak beste, seinale berria jarriko dute Gaztelugatxera doan errepidean. Hobekuntza irizpide bera ezarri dute Gaztelugatxeko oinezkoentzako sarbideetan, eta azken hilabeteotan zaharberritze obrak egin dituzte Ermutik eta Urizarretatik jaisten diren bideetan.
Lehenengoak iazko azaroan hasi zituzten, eta aurtengo apirilean amaitu dituzte. Bide zorua irristagaitzago bihurtu dute, lehendik zegoena berrerabiliz. Urizarretan, berriz, lanak aurtengo apirilean hasi ziren egiten, eta joan den astean bukatu zituzten. Alde horretan zoladura hobetu dute; bidea egokitu dute, jatorrizko trazadura eta zabalera errespetatuta. Gainera, harri-zola jarri dute, Matxitxakoko harria erabiliz.
Jendearentzako arretarako lau gune prestatu dituzte. Lurralde osoari eta Gaztelugatxeko inguruari buruzko informazio turistikoa emateko gunea Urizarretako sarrera ondoko aparkalekuan dago. Beste hiru gune egongo dira sarrerak kontrolatzeko puntuetan. Urizarretatik eta Ermutik jaisteko bideen hasieran eta Doniene ermitara igotzeko eskailerarako bidean dagoen plazatxoaren inguruetan kokatuta daude. Azken gunean lehenengo laguntzetarako botika kutxa bat egongo da, eta hortik erregulatuko dituzte eskaileretako bisitari jarioak, pilaketak saihesteko asmoagaz.
Azken asteotan ermitara igotzen diren eskailerak konpontzeko obrak hasi dituzte, baina etenda egongo dira uztailean eta abuztuan.
Datorren irailaren 30era arte, Bizkaibuseko A3517 linearen zerbitzua jarri du martxan aldundiak, ordu erdiko maiztasunagaz iraileko zapatu-domeketan eta uztail eta abuztuko egun guztietan. Bakiotik Bermeorantz irtengo dira 06:45etik 21:15era arte, jaiegunetan izan ezik (08:45 -21:15). Bermeotik Bakiorantz, 07:40-20:40 artean (jaiegunetan, 09:10-20:40 artean).