Ospea ondo irabazita duten jai umoretsuak
Euskal Telebistako Hauxa2 saioko Ana Goitia lekeitiarrak eta Onintza Enbeita muxikarrak irakurriko dute jaietako pregoia gaur arratsaldean. Egitarau zabalagaz datoz beste behin sanmartinak, adin guztietako parrandazaleen gozamenerako.Herri txikia izan ...
Euskal Telebistako Hauxa2 saioko Ana Goitia lekeitiarrak eta Onintza Enbeita muxikarrak irakurriko dute jaietako pregoia gaur arratsaldean. Egitarau zabalagaz datoz beste behin sanmartinak, adin guztietako parrandazaleen gozamenerako.
Herri txikia izan arren, ospe handiko jaiak dira Amorotoko sanmartinak. Bertokoez gain, inguruko eskualdeetatik ere jende asko hurreratzen da, batik bat bariku gaueko kontzertuetara. Piper eta gatza dute amorotarrek, eta jaietara doazenak ere umore horregaz bustitzea lortzen dute. Ziortza Ikaran Zugazaga alkatearen berbetan, adin guztientzako ekintzak prestatzea zaintzen dute urtero-urtero, eta aurten ere eskaintza zabala egongo da.Gaur eguerdiko meza eta Arta-Nagusiko dantzarien saioaren ostean, arratsaldeko txupinazoagaz hasiko dira ofizialki jaiak. Txan Txun Txun jaietako protagonistari plazan ondoetorria eman, eta jarraian, ETBko Hauxa2 saioko Ana Goitiak eta Onintza Enbeitak irakurriko dute pregoia. Saltsera biek euren Watxiniti ispirituagaz beteko dute plaza. Ondoren, eskualdeko bertsolari eta trikitilariek girotuko dute jaia, eta, gauean, Gozategiren eta DJ Bullen doinu alaiek hartuko dute herriko plaza.
«Jaien hasiera aldatzearren erabaki genuen zer edo zer desberdina egitea, eta azken hiru urteotan horrela egin dugu. Txan Txun Txun-i ongi etorria eman, eta urtero pregoilari desberdinak edukitzen ditugu», azaldu du Ikaranek.
Bihar San Martin bigarrena izango da, batez ere nagusienen eta umeen eguna. Hala, Goazen telebista saioko kantak abesten eta dantzatzen ariko dira haur eta gaztetxoak, eta saio horretako produktu sortak eskuratzeko aukera edukiko dute.
Barikuan, berriz, metal doinuak nagusituko dira. Hamaika aldiz Amorotora hutsik egin ez duen Su Ta Gar talde mitikoagaz batera, Ost talde bermeotarra eta Governors arrasatearra igoko dira frontoiko oholtzara. Eta gaua borobiltzeko, Trikizioren erromeria izango dute bertaratzen direnek.
Herritarren Eguna
Hala, zapatua izango da amorotarren egun handia. Izan ere, kuadrillen edota herritarren eguna da.
Paellak prestatzeko aitzakian batu, eta askotariko jolasak egiten emango dute arratsaldea. Eta gauerako zelan ez, musikaz beteko da plaza.
Bestalde, San Martin jaien azken egunean gazte zein helduek musean eta briskan duten abilezia erakusteko aukera izango dute.
Mus txapelketa lehiatzeko bikoteko 15 euro ordaindu behar dira, eta briska txapelketarako 10 euro. Sariei dagokienez, museko bikote irabazleak txapela eta 200 euro eskuratuko ditu. Txapeldunordeentzako 100 euroko diru saria dago, eta hirugarren sailkatzen den bikoteak 75 euro irabaziko ditu. Hala, laugarrenek ere izango dute saria: 40 euro.
Era berean, briskako bikote irabazleak txapelak janzteaz gain, 150 euro irabaziko ditu. Txapeldunordeek 100 euro, hirugarrenek 50 euro eta laugarrenek 25 euro jasoko dituzte.
Autobus zerbitzuak
Jai Batzordeak antolatuta autobus zerbitzua dago gaur, barikuan eta zapatuan.
Gaur eta zapatuan, Amoroto eta Lekeitio eta Markina-Xemein lortuko dituen autobusa egongo da. Lekeitiotik 21:30ean eta 22:30ean irtengo da, eta Markina-Xemeindik, 22:00etan. Bueltarako zerbitzuari dagokionez, Amorototik Lekeitiora 04:00etan eta 06:30ean egongo da autobusa, eta Markina-Xemeinera joateko, 05:00etan.
Barikuan, Amoroto eta Lekeitio arteko zerbitzua baino ez da egongo. 21:30etik 07:00etara egingo ditu joan-etorriak.
Bestalde, Lea Ibarra Mankomunazgoak eta Lea-Artibai Amankomunazgoak eskaintzen duten Gababus zerbitzua egongo da barikuan. Joan gura dutenek bihar 13:00ak baino arinago eskuratu behar dituzte txartelak, udaletxeetan. Hala, eskualdeko bizilagunek joan-etorria 3 euroren truke egiteko aukera dute.
21:30ean irtengo du Gababusak Munitibartik; 21:35ean geldialdia egingo du Aulestin, eta 21:40ean, Gizaburuagan.
Ziortza-Bolibarren eta Ondarroan 21:30ean dute irteera ordua, eta Ispasterren eta Mendexan, 22:00etan.
Berriatutik eta Etxebarritik 21:35ean aterako da autobusa, eta Markina-Xemeindik 21:40an pasatuko da.
Itzulerako zerbitzuari dagokionez, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Etxebarri, Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibarrera joateko 02:15, 04:15 eta 05:45ean aterako dira autobusak. Ondarroa, Berriatua, Mendexa eta Ispasterko herritarrentzat 02:00, 04:00 eta 05:30ean irtengo dira.