Urdaibai ezagutarazteko 50 plan turistiko egongo dira udan aukeran
Gernika-Lumoko, Mundakako eta Bermeoko turismo bulegoek bat egin dute bigarren urtez, eta udarako 50 plan turistiko antolatu dituzte.Urdaibaiko eskaintza turistikoa batzeko eta hori bisitariei modu erakargarriagoan eskaintzeko batu direla jakinarazi du...
Urdaibaiko eskaintza turistikoa batzeko eta hori bisitariei modu erakargarriagoan eskaintzeko batu direla jakinarazi dute turismo bulegoek; udako eskaintza horiek aukera ugari eskaintzen dituztela gehitu dute.
Iaz egin modura, aurten ere denetariko eskaintzak prestatu dituzte bisitarientzat; familian egitekoak, kostaldeko turismo aktiboari lotutakoak, oinezkoentzako ibilbideak edota kultura eta gastronomia lantzen dituztenak. Gainera, antolatutako planok berrikuntzekin datozela aurreratu dute.
Adierazi dutenez, eskaintza horiek Urdaibaiko turismo sektoreetan lan egiten duten enpresei zabalduko zaizkie, bai eta leku horietara hurbiltzen diren bisitariei ere.
Eskaintza zabala
Denetariko eskaintza prestatu dute. Gernika-Lumon, esaterako, familian burutzeko Marko Sator azpimarratu du turismo bulegoak, «heziketa eta miaketa bultzatzen dituen jokoa».
Bermeon, berriz, Tuna Pintxo Tourra jarri dute martxan, eta abuztu bukaerara arte jarraituko duela jakinarazi du turismo bulegoak. Bermeoko tabernetan hegaluzea dastatzeko aukera emango du plan horrek.
Hainbat ibilaldi ere prestatu dituzte hiru turismo bulegoek, Nabarniz, Arratzu, Ereño eta Sollubetik igarotzen direnak, adibidez.
Itsasoz gauzatzeko proposamenak ere egongo dira, «munduan ezagunena» den ezkerreko olatuaren gainean arraun egiteko aukera egongo baita. Horrez gain, surf eta eskaladako eskolak, kayakez edo itsasontziz egiteko bidaiak edota zetazeoen ikustaldiak eskainiko dituzte turismo bulegoen artean.