Zerbitzuen murrizketarik barik onartu da Ondarroako aurrekontua
Udalbatzak 10 milioi euroko aurrekontua onartu du EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin. Inbertsiorik handienak hirigintzan egingo dituztela aurreratu duteOndarroako Udalaren 2018ko aurrekontua 10.129.133,08 eurokoa izango da; iazkoa baino ia 674.546,...
Udalbatzak 10 milioi euroko aurrekontua onartu du EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin. Inbertsiorik handienak hirigintzan egingo dituztela aurreratu dute
Ondarroako Udalaren 2018ko aurrekontua 10.129.133,08 eurokoa izango da; iazkoa baino ia 674.546,63 euro gehiagokoa. Udalbatzak aurreko eguenean onartu zuen aurrekontua, EH Bilduren zinegotzien aldeko botoekin (EAJ abstenitu egin zen). Udalak nabarmendu duenez, aurten ez da zerbitzuetan murrizketarik egingo. «Ondarroako udal batzordeak elkarlanean aritu dira optimizazioa lortuz. Lan eta zerbitzuen bikoizketa saihestu, eta zerbitzurik murriztu barik aurrekontua aurrera ateratzea lortu da».Udal ordezkariek gaineratu dutenez, azken hilabeteetan eragileekin eta herritarrekin batu dira, «euren iritziak jasotzeko eta aurrekontuak horren arabera moldatzeko». Horregaz lotuta, esate baterako, martxoan auzo batzarrak egin zituzten auzo guztietan.
Udalak derrigorrak ez diren, baina eskaintzen dituen hainbat zerbitzu babestu nahi izan ditu modu horretara. Eta moldaketak egin arren, ez dela murrizketarik ezarriko azpimarratu dute. «Ez da zerbitzuetan murrizketarik egin azken hilabeteetan egindako optimizazioa lanei esker, batzorde ezberdinak dituzten beharrak batu direlako. Ekimen kopurua mantenduko da, beraz, udaleko batzordeen arteko elkarlan handiagoagaz».
Honako zerbitzuak dira lehentasunezkoak herritarrentzat: Musika Eskola, Herri Busa, Etxelila, Gazte Lekua, Garapen Agentzia, kultur jarduerak eta Zaldupe kiroldegia. «Zerbitzuok zenbakietan neurtzea zailak diren onurak eskaintzen dizkiete herritarrei. Kalitatezko bizitza bat eraikitzeko ezinbestekoak dira, eta horregatik zaindu egingo ditu udalak».
2,6 milioi euro Kamiñaldera
Era berean, Kamiñalden egin beharreko inbertsioek aurrekontua nabarmen baldintzatu dutela adierazi dute udal iturriek. «Kamiñaldeko 2.600.000 euroko inbertsioak udaleko arlo guztietan moldaketak egitera derrigortu dute udal gobernua; gutxi gorabehera %10 gutxitzea». Hala ere, udala pozik dago egindako lanagaz: «Urgentziazko beharrak asetzea eta oinarrizkoak mantentzea lortu egin da».
Bestalde, herriaren hobekuntzarako 639.624 euroko inbertsioa egingo da: 15.870 euro bideratuko dira kultura batzordera, 27.548 euro presidentziara, 34.207 euro hezkuntzara, 14.000 euro ongizate batzordera, 24.137 euro kirol batzordera eta 516.462 euro hirigintzara.
Hala, inbertsiorik handienak hirigintzan egingo direla jakinarazi dute. Bereziki, kaleak asfaltatu eta hobetuko dituzte. «Lehentasun osoa duten inbertsioak hartu dira kontuan, eta honek hirigintzan izan du isla handiena, herritarrek hala eskatuta».
Hainbat kaleren zolaketa
Hirigintzan, eta bereziki bide publikoaren zolaketari dagokionean, honakoak dira aurreikusi dituzten lanak: Magdalena auzoan errepidean botatako galipota berritu egingo da datozen hilabeteetan (73.000 euro), Nasa kaleko lurra konpondu eta asfaltatu egingo da (62.179 euro), Zaldupe ikastetxeko jolastokiko lur zati bat (34.207 euro) eta bidezidorra konpondu egingo dira (7.000 euro) eta Txorierrekan egiten ari diren etxebizitzen inguruko urbanizazio lanekin batera gas hobien instalazioa egingo da goraino (168.283 euro).
Era berean, Kamiñazpin bigarren parte hartze prozesu bat egingo da (40.000 euro), irisgarritasun aldetik arazo ugari sortu dira-eta urteetan urbanizazio mailan lanik egin ez delako. «Prozesu honen ondorioz, bizilagunek erabakiko dute nolako auzoa nahi duten eraiki».
Mantentze lanei lotuta, gainera, beste hainbat lan egingo dira herriko bide publikoen hobekuntzarako. Augustin Zubikarai plaza urbanizatu eta tela asfaltikoa jarriko dute; «bizilagunen komunitateak proiektua aurkezten duenean udalak berari dagokion zatia egiteko konpromisoa hartu du». Musika Plazako pareta konponduko dute, dauden filtrazioak kentzeko, eta, azkenik, Artibai egoitza aurreko plaza konponduko dute.