Batari lekukoa, besteari lekua
Atseden hartu barik datoz berriz ere jaiak Lea-Artibai eta Busturialdera. Sanpedroei lekukoa hartuta eta karmenei lekua utzita iritsiko dira sankristobalak egunotan, Bermeo, Busturia, Forua, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeinera.Uztailaren 10ean, martitze...
Atseden hartu barik datoz berriz ere jaiak Lea-Artibai eta Busturialdera. Sanpedroei lekukoa hartuta eta karmenei lekua utzita iritsiko dira sankristobalak egunotan, Bermeo, Busturia, Forua, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeinera.
Uztailaren 10ean, martitzenean ospatuko dute santuaren eguna, baina aurretik motorrak eta giroa berotzen hasteko jarduera ugari izango dira aukeran batean zein bestean.Dena prest dute Markina-Xemeingo Iturretan, Kristobal deunaren jaiak ospatzeko. Markina-Xemeindik Iturreta tontorrerainoko martxagaz hasiko dira domekan ospakizunak. Arkupe aurrean batuta, Iparragirretik gora abiatuko dira ibiltariak.
Goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu du Iturretako jai batzordeak. Urteroko ekimenak mantendu eta berriekin osatu dute egitaraua. Meza eta autoen bedeinkapenik ez da faltako, esate baterako.
Ermita ondoko probalekuak zaldi biren arteko norgehiagoka hartuko du goizean. 20 minutuko saioan, Patxua tabernaren Itzu zaldiak daukan marka gainditzen saiatuko da auzoko Adorrixa, Saleroso zaldiagaz. Arratsaldean, ostera, idi probak lehi- atuko dira.
Ohi modura, landan egingo dira umeentzako txapel jaurtiketa eta txinga jaurtiketa. Bestalde, umeentzako puzgarriak egongo dira egun osoan, eta lehenengo aldiz Arantza eta Pantxoren kantaldia.
Nahi dutenek, gainera, egun pasa egin eta Iturretako Beti Jai elkartean bazkaltzeko aukera edukiko dute. Bertan egunean sukaldean edo tabernako barran izena eman eta jai batzordekoek prestatzen duten bazkari ederragaz gozatzeko aukera egoten da. Parrilan egiten dituzten txerri saiheskiak «sekulakoak» direla azpimarratu dute auzotarrek.
Ohitura zaharrak
Karteletik kanpo dauden ohitura zaharrak ere mantentzen dituzte Iturretan. Lehen kofradia osatzen zuten Iturretako baserrien artean, eta ermita zaintzeaz arduratzen ziren aldiro-aldiro baserri bi. Ohitura hori gaur egunera arte ailegatu da, eta aurtengo maiordomoak arduratuko dira domekarako ermita garbitu eta atontzeagaz. Hala ere, egun, beste auzotar guztien laguntza ere edukitzen dute.
Banda ordaintzeagaz ere ez da inor ahaztuko. Auzotarrek dohaintzan ematen dute dirua ermita jantzi edo beharrezko diren gastuetarako, eta Iturretan Banda ordaintzea esaten diote baserriaren izenean egiten den ekarpenari. Auzotarrek esan dutenez, aurten ere mahaia jarriko dute Banda ordaintzen dutenen oharrak hartzeko.
Gernikan, aldiz, Lumoko jaiei lekukoa hartuta iritsiko da festa giroa Agarrera. Herriko jai nagusi diren Andra Mari eta San Roke jaiek ez ezik, auzoetan egiten direnek ere ospe handia izaten dute herrian. Lorategietakoak ospatu zituzten lehenengo, eta San Juan Ibarrakoak ondoren. Joan den astean Lumon egin zuten festa, eta orain, Lurgorrikoei bidea eginez ailegatuko dira Agarre ingurura jaiak.
Gaur jaurtiko dute txupina, eta domekara bitarte, txapelketak izango dira nagusi herriko gune horretan: hala nola, tortilla, mus, skate, futbito eta sukalki txapelketak lehiatuko dituzte. Ohiko sardina janak ere ez du hutsik egingo aurten, eta Atsoak dantzan kale antzerkiagaz ere herritarrak gozarazten ahaleginduko dira. Dantzatzeko eta abesteko aukerarik ere ez da faltako.
Busturiko San Kristobal auzoko jaiek ere eskualdeko eta inguruko hainbat lagunen arreta bereganatzen dute, batez ere, gauean. Hala ere, gaueko jaia baino gehiago eskaintzen dute urtero busturiarrek. Gaur txupina jaurtitzeagaz batera emango diete hasiera bertako festei, egitarau oparoagaz gozatzeko tartea zabalduz. Lau egunetan, hamaika ekintza izango dira: bai umeentzako zein nagusientzako. Herriko dantza taldeak ere urtean ikasitakoa erakusteko aukera paregabea izango du. Publikoaren aurrean lotsak ahaztu eta kantatzera eta dantza egitera ausartzen direnek ere agertoki bikaina izango dute. Musikazaleek ere aurkituko dute euren lekua, gaur eta bihar.
Bermeon eta Foruan ere egingo dute zer edo zer. Sanpedroetan bezala, sankristobaletan ere prozesioa egingo dute kostako herrian, eta ohiko untxi txapelketa, dantzak, umeentzako ekintzak eta gehiago ekarriko ditu, berriz, Foruak.