Food Truck-en merkatua egongo da asteburuan
Bermeoko Goiko Plazan Van Sobre Ruedas, Food Truck Market ekimenagaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek asteburu honetan, gaurtik hasita domekara bitartean.Udalak adierazi duenez, ekimen gastronomiko horren bitartez hainbat motatako janariak eska...
Udalak adierazi duenez, ekimen gastronomiko horren bitartez hainbat motatako janariak eskainiko dituzten bederatzi ibilgailu-taberna batuko dira Bermeon, eta, horrez gain, umeentzako ekintzak, musika zuzenean, kontzertuak eta bestelakoak egongo dira, «giro paregabea sortuz Alde Zaharrean». Ekimena Kovan elkarteak antolatu du, Bermeoko Udalaren laguntzagaz batera.
Antolatzaileek azaldu dutenez, asteburuan Alde Zaharrera bertaratzen diren guztiek «era askoko jatekoak» dastatzeko aukera izango dute, besteak beste, hanburgesak, hot dog, pasta, mexikar jatekoa, bokatak, pizzak eta krepe gozo eta gaziak.
Janariaz bakarrik ez, beste hainbat ekimenez gozatu ahal izango dute hurbiltzen direnek: etxeko txikienentzako jolasak ere egongo dira aukeran, eta gazte zein helduentzako magoen ikuskizunak ere izango dira Goiko Plazan. Horiez gain, musikak berebiziko garrantzia edukiko du ekimenean, eta hainbat kontzertu egongo dira aukeran: Indian Feathers, Sicaustica, Marta Uriona, Cheaters Trio eta Elley talde eta bakarlarien ikuskizunek alaituko dute Alde Zaharra.
Beraz, adin guztietako egitarau zabala eskainiko du ekimenak. Antolatzaileek eta udalak «herritar eta kanpotar guztiak asteburu honetan Bermeora etortzera» gonbidatu dituzte, «gastronomia, kontzertu eta giro apartagaz gozatzeko».