Lekeitioko Ama Domingotarren elkarteak eta komentuak 650 urte bete dituzte
[zuzenean ARGAZKI GALERIARA JOAN]
Lehendakariak gaur egun komentuan bizi diren hamabost mojek bakearen alde egindako guztia aipatu du. Eta esker ona erakusteko, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dute komentuan. Koldo Goitia Lekeitioko alkateak esan du guztien artean erabaki dutela Gernikako Arbolaren kimua oparitzea. “Ez da erraza izan zer oparitu erabakitzea. Azkenean, baina, gure nortasunaren eta gure eskubideen lorpenen ikur den arbolaren kimua oparirik onena zela erabaki genuen”. Halaber, esker oneko hitzak eduki ditu monjentzako, eta urte osoan egiten duten lana eskertu diete. “Urte askoan jarrai dezatela berdin”. Lekeitioko Ama Domingotarren elkartea Eleizbarrutiko zaharrena eta Espainiako hirugarren zaharrena da. Maria Elena priorea eta Benita dira monjetako bi. Biak Elorrio Berriotxoako San Balendinekoak badira ere, duela 50 urte baino gehiago ailegatu ziren Lekeitiora. Azaldu dutenez, urteurren ospakizunaren harira “gaindituta” sentitu dira, baina urteurrena eurek egiten dutena bistaratzeko “aukera ona” dela esan dute. Euren eginbehar nagusia otoitz egitea dela esan dute, “goizetik gauera arte”. Eta pozik agertu dira urte guzti hauetan “bokaziorik ez delako falta izan”.[zuzenean ARGAZKI GALERIARA JOAN]
Otaduik, hain zuzen ere, Ama Domingotarrekin daukan lotura aipatu du. “Ni Elorriokoa naiz, eta nire familiak betidanik eduki izan du lotura estua Ama Domingotarrekin”. Berba batzuk eskaini eta gero, oparitutakoa Gernikako Arbolaren kimua dela ziurtatzen duen agiria eman dio Maria Elena prioreari. Gotzainak Francisco Aita Santuak Dominikei bidali dien mezua ere irakurri du. Besteak beste, egindako lan guztiagatik zoriondu eta eskerrak eman dizkie Aita Santuak. Halaber, 600. urteurrena ospatu zenean komentuan oraindik Lekeition jaiota zazpi monja zeudela gogorarazi dute. “Gaur egun horietako bat bizi da bakarrik. Orain moja gehienak afrikarrak dira, Kenyakoak. Lehen gu joaten ginan misiotan, eta orain eurak datoz gugana”. Kanpotik etorritako “ahizpei” esker ona agertu nahi izan diete biek, “poztasuna eta aberastasun kulturala” ekarri dutelako. Horren adibide izan da baita ere gaur Afrikatik etorritako monjek eskainitako musika eta dantza ikuskizuna. Monjek ikuskizuna eskaini aurretik Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeko kideek Emakumeen dantza egin dute. Urteurrenaren harira, uztail osoan erakusketa bat egongo da ikusgai komentuan bertan. “Horretan komentuaren sortu zenean herria nolakoa zen eta abar erakusteko panel batzuk ipiniko ditugu, eta gaur egunera arteko historia osoa erakutsiko da. Dokumentuak ere ikusgai egongo dira”.