Iturretako Kristobal Deunaren ermita inguruan batu ziren atzo [uztailak 8] markina-xemeindar eta etxebarritar asko sainduaren omenezko jaiak ospatzeko. Batzuk oinez eta besteak autoz igo ziren tontorrera kirol probak ikusi, musika entzun edo jokoetan parte hartzeko.
Meza ostean hasi zen eguneko lehen kirol proba ermita ondoko probalekuan. 20 minutuko saioan Patxua tabernaren
Itzu zaldiak daukan marka gainditzen saiatu zen Adorrixa,
Saleroso zaldiagaz. Lehia bizia egon zen zaldi bien artean. Saleroso izan zen plazaratzen lehenengoa, eta gogor ibili zen Josu
Adorrixa eta Joselu karreteroek lagunduta; horrela, Iturretako 62 untzeko marka gainditzea lortu zuen 64 untze eginez. Patxua Tabernakoak, baina, ez zeuden borrokan egin barik amore emateko prest, eta 64 untze 3/4 eta 310 metro eginda irabazi zuten norgehiagoka.
Itzu zaldia Iturretako probalekuan harria eramaten Urko eta Ibai karreteroekin.
Iturretako probalekuak bigarren dema bat ere hartu zuen arratsaldean,
Kristobal Deunaren 49. idi probak. Hiru idi pare irten ziren galtzadara eta irabazlea
Errezilgo Mendiola izan zen. Mendiolaren animaliek 46 untze egin zituzten, Ziortza-Bolibarko Zubibarrirenak 43 untze eta Errezilgo Uzkudun anaien idi pareak 40 untze 1/4 eta 110 metro.
Txapel jaurtiketa.
Probalekuaren ondoko landan ere jokatzeko aukera eduki zuten ume eta nagusiek goizeko proben ostean. 16 umek parte hartu zuten
Txapel Jaurtiketan, trebezia handiz. Nagusien txanda ailegatu zen jarraian; horiek txinga jaurtitzen egin zuten bikoteka. Guztira, lau bikote saiatu ziren txinga ahal zenik eta urrunera botatzen.
Urtero modura,
zozketa atera du jaietan Iturretako Jai Batzordeak eta ospakizunekin amaitzeko zortedunaren zenbakia atera zuten. Aurtengo
zenbaki saritua 908 izan da eta
ordezkoa 2949.