Uztailaren 19tik 22ra bitartean, 28 ekintzez gozatzeko aukera eskainiko du Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak. Gaur [uztailak 10] goizean aurkeztu zuten 29. Kalekaren programazioa Lekeitioko plazan egindako ekitaldian. Jaialdiak aurten, 22 kolektibo eta konpainia izango dituela aurreratu dute, Euskal Herria, Katalunia, Madril, Extremadura, Alacant, Andaluzia, Holanda, Frantzia, Danimarka eta Portugaletik etorriak.
Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapen Zuzendariak, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak, Maider Illana Kalekaren kudeatze taldeko kideak eta Jon Kepa Zumalde Markeliñe antzerki taldeko kideak eman dituzte xehetasunak. Aurkezpen ekitaldiaren aurretik, gainera, Markeliñe konpainiaren Chef Nature ikuskizunagaz gozatzeko aukera egon da. Mugikorrak baztertu eta naturaz eta imajinazioz betetako jatetxea aurkeztu du Markeliñek.
Markeliñeren ‘Chef Nature’ antzerkia.
Antzerkiak, maskarak, zirku garaikideak, clown-ak, ehun-sorkuntzak, dantza garaikideak, funanbulismoak, aireko dantzak eta pirotekniarekin lotuta dauden ikuskizunek bizitasunez beteko dituzte Lekeitioko plaza eta txokoak aurten ere. 2018ko sekzio ofizialak Matias Zanottiren Atuendos caprichosos izeneko jantzi-eszenikoen erakusketa hartuko du, horren performance-arekin batera, horrez gain, Lucas Escobedo eta Lekittoko Deabruak konpainien proposamen ibiltariak eta Dikothomia Cia, Karl Stets, Godot, Baakai Katiuska, Estampades, Bilbobasso, Cia Nueveuno, Efecto R, Ganso y Cia, Hika Teatroa eta Barsantiren ikuskizunak egongo dira.
Era berean, bi formakuntza saio landuko direla azaldu dute. Alde batetik, Rui Paixaoren Estado Omnium laborategia, egungo clown-en munduaren inguruko gogoeta eta esperimentazioa landuko dituena, eta bestetik, Matias Zanottik Revestidos izeneko sorkuntza tailerra, antzeztokietan erabiltzen diren jantzien sorkuntzaren inguruko workshop-a. Tailer horretako jantziak gainera, Eskolapeko erakusketa aretoan ikusgai egongo direla zehaztu du Illanak.
Arropaineko Arraguak eta Malekoia Txiringitoak Kalekagaz bat egin eta ikuskizunak antolatuko dituzte
Atal berriak indartuz. Sekzio ofizialaz gain, aurreko urtean estreinatutako bi atalak, Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch, finkatu eta garatzen diren testuinguru politiko, sozial eta kulturalari sendotasuna eman nahi izan diote aurten. Kaleka Scratch sekzioan partehartzeko 30 proposamen jaso dituztela aitatu du Illanak. «Horietatik bi lan aukeratu dira: sorkuntza prozesuan dagoen Holandako kolektibo baten zirku garaikideko proposamena, harremanen, aukeren eta distantziaren inguruan hausnarketa egiten duena eta, bestalde, clown ibiltarien inguruko ikuskizuna, Extremadurako Gurugu kolektiboaren eskutik».
Kalekaren aurkezpena. Ezkerretik hasita, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapen Zuzendaria, Maider Illana Kalekaren kudeatzaile taldeko arduraduna eta Jon Kepa Zumalde Markeliñe antzerki taldekoa.
Kalekaz Blai-k berriz, jaialdiaren ekintza-markoaren barruan, urte osoan testuinguru lokalean egiten diren jardueren sustapena bultzatzen jarraitzea bilatzen du, eta horren harira, eskolekin, familiekin, taldeekin, elkarte kulturalekin, enpresa egitura eta abarrekin lan egin dute era askotako formatuen bidez: entsegu irekiak, erakusketak, elkarrizketak, tailerrak…
Bide beretik, jaialdiaren aurreko egunetan, Kalekak Lekeitiko hezkuntza zentroekin lan egingo duela azaldu du Kalekaren kudeake taldeko arduradunak, «Euskal Herriko bi konpainiaren laguntzagaz: Cia Barsanti eta Markeliñe».
Kolaboratzaileak. Azkenik, Kalekak herriko kultur elkarteekin kolaborazioan jarraituko duela nabarmendu du. «Arropaineko Arragua sorkuntza espazioak bi ikuskizun eskainiko ditu: alde batetik, haur eta umeei bideratutako Faboo keinu-antzerkia eta, bestetik, nagusientzako zirku garaikidea Tetes de Mules konpainiaren eskutik». Gainera, aurten, Malekoia Txiringitoak ere jaialdiagaz bat egin eta magia eta diskofesta batuko dituen Winston Koperlandeta Urko NotreDame ikuskizuna ekarriko du.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.