Andaluziar artea eta folklorea, oholtza gainera
Txo Sevilla taldekoek erakustaldi bikaina eman dute Rocio jaian. Pausoz pauso, takoi hotsez eta eskuak astinduz, ikasturtean landutako Andaluziako askotariko dantzak aurkeztu dituzte.Aski ezaguna da Andaluziarrek daukaten artea, baina ez da gutxiagorak...
Txo Sevilla taldekoek erakustaldi bikaina eman dute Rocio jaian. Pausoz pauso, takoi hotsez eta eskuak astinduz, ikasturtean landutako Andaluziako askotariko dantzak aurkeztu dituzte.
Aski ezaguna da Andaluziarrek daukaten artea, baina ez da gutxiagorako bermeotarrek daukatena. Andaluziatik Bermora ekarri dute hango folklorea, eta haien pareko artea daukatela erakutsi dute beste urte batez Txo Sevilla taldeko dantzariek.Rocio jaia ospatu zuten zapatuan Burujabetasun zelaian. Eguerdian, meza Rocieroagaz hasi zuten egun handia Txo Sevillakoek eta Abadiñoko De Norte A Sur korukoen kantekin. Ondoren, pregoia bota eta musikak lagunduta, jan-edanean elkartu ziren.
Taldekide batek bota zuen pregoia. Euskalduna izan arren, Andaluziako folklorea barru-barruan daramala adierazi, eta askotariko kulturei irekita egon behar dela nabarmendu zuen. «Jokinek oso ondo bota zuen pre- goia; oso ekitaldi polita izan da», esan zuen Silvia Latxaga Txo Sevillako idazkariak.
Giro ederra eduki zuten egun osoan, eta, arratsaldean, dantza erakustaldia eskaini zuten zelaian bilduta zeuden herritarren gozamenerako. Ikasturtean ikasitako dozena bat dantza egin zituzten.
Ikasturtea borobiltzeko
Andaluzian esaten duten moduan, sevillanak edota flamenkoa dantzatzeko duendea beharrezkoa ei da, eta Txo Sevillako kideek hori eta gehiago badaukatela agerian utzi zuten zapatuko hitzorduan. Sevillanak, runbak, garrotinak, Alegrias de Cadiz, tangoak, kolonbianak…, era askotako dantzak egin zituzten, «arteagaz».
Alicia Gallardo irakasleak azaldu zuenez, azaroan Kafe Antzokian egiten dute urtero erakustaldi bat, eta uda partean, Rocio jaia ospatzen dute ikasturtea borobiltzeko: «Azaroan eskolako dantzak aldatzen ditugu, eta azarotik ekainera bitartean, Rocio feriarako dantzak prestatzen ditugu».
30 bat dantzari batu zituen jaiak, eta egun berezia behar bezala amaitzeko, Azahar eta Onda Futura taldeen musikagaz nekatu arte dantzan jarraitu zuten.