Hondakinak biltzeko zerbitzua kudeatuko duen enpresagaz zortzi urteko kontratua sinatzeko erabakia hartu eta gero, Amankomunazgoak beste pauso bat eman nahi izan du, eta ibilgailu flota berria eskuratu du. “Kontratua sinatzeko baldintza bat zen ibilgailu flota berritzea, batez ere langileen segurtasuna bermatzeko”, esan du Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak. Horrez gain, herritarrei “zerbitzu hobeagoa” eskaintzearen alde ere egin dutela gaineratu du.
Ibilgailu berriak gaurtik aurrera ibiliko dira herririk herri.
Ibilgailu flota berria aurkezteko agerraldia gaur egin dute [uztailak 11], Markina-Xemeinen. Horretan parte hartu dute Amankomunazgoko ordezkari eta langileek, hondakin bilketagaz arduratzen diren eta UTE Bilketa taldea osatzen duten FCC, VTR eta GMSM enpresako langileek eta Amankomunazgoa osatzen duten udaletako ordezkariak.
Papera eta kartoia, organikoa eta errefuxa biltzeko
bi kamioi berri eskuratu dituzte; kamioiak
Yolanda Eizagirre Urkiola argazkilari ondarrutarraren eta
Arturo Elosegi Irurtia biologo eta ekologoaren irudiekin daude apainduta.
Amankomunazgoko ordezkari eta langileak, hondakin bilketan dihardutenak eta udal ordezkariak, ibilgailuak aurkezteko agerraldian.
Bi ibilgailu horiez gain,
bolumen handiko gauzak jasotzeko kamioi txiki bat ere eskuratu dute. “Kamioi txiki hori astean behin edo pasatuko da herri bakoitzetik. Eta orain arte modura, bolumen handiko hondakin horiek atera aurretik herritarrek telefonoz deitu beharko dute”.
Kamioi txiki horrek, baina, bestelako funtzioa ere edukiko du. Izan ere, berrikuntzetako bat da herriz herri pasatuko den
puntu garbi mugikor txiki bat. “Kamioi txiki hori hilean behin edo pasatuko da herri handietatik, eta hara bota ahalko dira beste edukiontzietara bota ezin diren hondakinak: fluoreszenteak, inpresorek erabiltzen duten tonerrak, CDak…”. Azaldu dutenez, hondakin “berezi” horiek kamioi horretan sartzeko, herritarrak eurak igo ahalko dira kamioira; kamioiak eskailera txiki bat dauka atzeko aldean. “Igo ezin diren herritarrei teknikoek hartuko dizkiete hondakinak”. Bilketa egin eta gero, kamioi horrek bideratuko du hondakin berezi horiek dagokien lekura.
Puntu garbi mugikor moduan funtzionatuko duen ibilgailu horren maiztasuna oraindik ere zehazteko daukatela esan du Eluk. “Zerbitzua martxan ipini eta gero, herri bakoitzeko beharrak ikusiko ditugu, eta egutegia horren arabera finkatu ahalko dugu”.
Puntu garbi mugikorra eta bolumen handiko hondakinak batzeko kamioia.
Kontrolerako eta errepasoa egiteko furgoneta bat ere eskuratu dute. “Horrek, hain zuzen ere, kamioi handiek hondakinak bildu eta gero hondakinak batzeko guneak errepasatuko ditu”.
Furgoneta hidrogabritzaile bat ere erosi dute, edukiontziak eta horiek kokatuta daude guneak garbitzeko.
Zerbitzu bateratua, 2005etik. Amankomunazgoa osatzen duten udalak 2005eko apirilaren 1ean hasi ziren hondakinak biltzeko zerbitzua modu bateratuan eskaintzen. “Hasieran zerbitzua Amankomunazgoa osatzen duten herri guztiak ez bazauden ere, gerora zerbitzu bateratura atxikitzen joan dira gainerako herriak”. Ordutik hona, zerbitzua beti eman dela esan dute, “momentu txarretan ere bai”. Eta hori teknikariei esker izan dela esan du Eluk. “Teknikariak beti egon dira zerbitzu honen gainean”.
Hamahiru urte hauetan, hondakinak biltzeko zerbitzua enpresa desberdinek kudeatu izan dute, eta kontratu desberdinak egon izan dira. “Oraingoan, kontratua berritzerakoan, zeuden gabeziak aztertu ziren, eta horiei erantzun bat ematea erabaki genuen”.
Hondakinak batzeko kamioi handia.