Lekeitioko Mendieta ontziolaren berreskurapena gero eta hurreago dago. Ontziola konpontzeko proiektuak 250.000 euroko partida jasoko du Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorretatik. Oraindik ze baldintzatan eskuratuko duten ez dakitela azaldu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak. “Espainiako Gobernuko arduradun berriagaz batzarra eskatu dugu eta baldintzak zehaztera joango gara Madrilera”.
PPren gobernuak aurkeztutako aurrekontuen edukien baitan Mendiolaren berreskurapenaren proiektua aurrera eramateko partida sartzea eskatu zuen EAJk. Espainiako Gobernu aldaketagaz, baina,
atzeratu egin dira laguntza guztiak. Hala ere, bien bitartean, ontziola egonkortzeko
lanekin hasi da udala eta obrak lizitaziora ateratzeko pleguak prestatu ditu. “Ontziolaren alboko etxea husten eta horma batzuk botatzen hasi gara alde batetik, eta ontziolaren hegalak egonkortzen, bestetik”.
Lekeitioko alkate Koldo Goitia, Idoia Sagastizabal EAJko ordezkaria eta Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak Mendieta Ontziolaren inguruan lan egiteko Madrilen egindako bilera baten ostean. Argazkia: Lekeitioko Udala
Monumentu-multzo moduan katalogatuta dagoen ontziolaren berreskurapen proiektua egin ahal izateko gainera, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat eduki dutela argitu du Lekeitioko alkateak. Ontziolaren berreskurapen lan guztiak gutxi gorabehera
2 miloi euroko kostua izan dezakeela aurreikusten du udalak, eta herriko erakundearentzat konponketak apurka-apurka egitea komenigarriago dela aitatu du, “herriko beste beharrizanetarako ere aurrekontua eduki ahal izateko”.
Ontziolaren berreskurapenaren ardura ez da Lekeitioko Udalarena bakarrik. Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Espainako Gobernuak eta Lekeitioko Udalak hitzartu dute monumentua berreskuratu eta balorean jartzea, “lau erakundeok zati berdinetara”. Hala, guztiak ados dauden proiektua aurrera eramateko hitzarmena dute sinatuta.
Urtero hobekuntza bat egiten joatea dute asmoa, eta
2025erako ontziola konponduta egotea dute helburu. Goitiak aitatu duenez, baliteke lanak iraun bitartean ontziola
zabalik egotea, “Gasteizko Santa Maria Katedralagaz egin zen modura”.
Lekeitioko Mendieta ontziola, gaur egun dagoen moduan. Argazkia: Lekeitioko Udala
Mendeurrena. Hainbat mendez, Euskal Herriko portu txikietako ontzigintza itsasertzeko portuetan kokatutako ontziola txiki tradizionaletan oinarritu zen. Gaur egun, gutxi dira bizirik irauten duten itsasertzeko artisau ontziolak, eta euretako bat da Lekeitiokoa. Monumentu-multzo moduan katalogatuta dago, Kantauriko erriberako ontziola
garrantzitsuenetakoa delako.
Bere familiaren bideari jarraituz, Mendieta ontziola
1885an eraiki zuen Andres Rafael Mendieta Maguregik, itsasadarraren ezkerreko aldean, Isuntzako zubiaren azpian, Fraileen moila modura ezagutzen den lekuan. Sute batek, baina, erabat suntsitu zuen 1913an, eta 1917an berriz ere altxatu zuten haren semeek.