Urteroko topaleku kuttuna
San Kristobal jaia ospatuko dute domekan, Oiz mendiko ermitaren inguruan. Munitibartarrek belaunaldiz belaunaldi mantendu duten tradizioa da. Egun handi bezain berezia da eurentzat.Trikiti eta pandero hotsak entzuten dira urtero-urtero sankristobaletan...
San Kristobal jaia ospatuko dute domekan, Oiz mendiko ermitaren inguruan. Munitibartarrek belaunaldiz belaunaldi mantendu duten tradizioa da. Egun handi bezain berezia da eurentzat.
Trikiti eta pandero hotsak entzuten dira urtero-urtero sankristobaletan Oiz mendian. Zehatz esateko, San Kristobal egunaren hurrengo domekan ospatzen dute jaia ermitaren inguruan.Herriko parranda handietako bat da, eta munitibartarrek aitortu dutenez, «asko esan gura du» eurentzat. «Inguruko herrietatik ere jende asko etortzen da, baina munitibartarrontzat berezia da», adierazi dute Txopitturri Guraso Elkartearen kideek.
Hain zuzen, belaunaldiz belaunaldi, umetatik bizi duten jaia da: «Familiagaz tortillak hartuta, egun pasa egiten genuen umetan, eta orain ere horrela egiten dugu gure seme-alabekin». Paraje zoragarrian giro ederrean biltzen dira, eta garai batean legez, erromeria izaten dute. Azken urteetan Esteibar eta Obietaren erromeriak alaitzen du San Kristobal jaia.
Herritarrek herritarrentzat
Lehen eta orain, auzolanean egiten dute dena. 1995. urtetik guraso elkarteak dauka jaia antolatzeko ardura, eta aurretik, Gerrikaitzeko Kantokoa txokokoek egiten zuten. «Urte askotan ibili ziren eurak; txosnak neurrira egiten eta bestelako gauzetan lan pilo bat egin zuten».
Zapatu goizean ariko dira bi txosna muntatzen. Guraso elkartearen txosnan janaria eta edaria egongo dira; ogitartekoak, pintxoak, salda, kafea… eskaintza zabala egongo da. Bestea, berriz, herriko gazteek jartzen dute, eta edariak bakarrik eskaintzen dituzte. Horiek presoen senideei laguntza ematera bideratzen dute dirua.
Zozketa entzutetsua
Halaber, urtero moduan, Munitibarren zein inguruko udalerrietan oihartzun handia duen zozketa egingo dute; 600 euro zozkatuko dituzte. Zapatura arte udalerriko tabernetan eskuratu daitezke, eta domeka goizean eta eguerdian, Oizen bertan saltzen dituzte. 18:30ean egingo dute zozketa.
Herritarrek herriarentzat egindako jaia da, eta lortutako etekinei esker, guraso elkarteak antolatutako hainbat ekintza diruz laguntzeko baliatzen dute: «Urtean umeen hainbat ekintza ordaintzen laguntzeko erabiltzen dugu dirua. Esaterako, udan multikirolak egoten dira, eta herrian dantza taldea daukagu, eta urte osoan dantza ikastaroa edukitzen dute. Esan genezake gure sarrera iturri nagusiena dela».
Antolatzaileek jaiagaz bat egiteko gonbidapena luzatu dute: «Jendea etor dadila, herriko umeei pixka bat laguntzeko ondo datorrelako, eta sekulako giroa egoten delako. Egun polit bat izaten da».