Zerutxuk emanaldi ikusgarria eskaini du Karmen jaien atarian
Markina-Xemeingo frontoi nagusiko harmailak bete egin ziren domekan Zerutxu dantza taldearen emanaldia ikusteko. Karmen jaien baitan, urte bitik behin emanaldi berezia eskaintzen du herriko dantza taldeak, eta aurten ere harrera ezin hobea eduki du iku...
Eskerrak emanez hasi zuen ekitaldia Zerutxuk. Dantzariei musika jarri zieten txistulariek eta aurtengo emanaldia borobiltzeko gonbidatu dituzten Abarka eta Abarketatxoak antzerki taldeak, Algara musika taldeak eta Mirari eta Zaloa trikitilariek erakutsitako prestutasuna eskertu zuen taldeak.
Euskal Kostaldeko dantzekin (Sardinerak, Kaxarranka eta Batelerak) gozatu ahal izan zuen alde batetik, publikoak, eta kostaldetik barrualdera joanda, Berako makil dantzak ekarri zituzten dantzariek frontoiko kantxara. Eurek egokitutako Erregineta dantza ere egin zuten neskek, eta mutilek Amaia ezpata dantza eskaini zuten.
Ekitaldia amaitzeko, Soka Dantza dantzatuz atera ziren agertokira Zerutxuko dantzari guztiak, eta ez zituzten ahaztu nahi izan urte guzti hauetan taldea aurrera eramaten lagundu duten kideak. Hala, aipamen berezia egin eta lore sortak oparitu zizkieten Felipe Amutxastegiri, Pili Garitaonaindiari eta Imanol Aretxabaletari.