Karmen jaiak direla eta, jai esparruaren inguruko zirkulazioan aldaketak egongo direla jakitera eman du Markina-Xemeingo Udalak. Aparkalekuei dagokienez, udaletxe osteko gunea ibilgailuei itxita egongo denez, gune berriak prestatu dituzte horretarako. Bestalde, errepide batzuk itxita egongo direla aurreratu dute.
Arretxinaga Etorbidera ematen duen landa (Urazkakoa) erabili ahalko da egunotan, ibilgailuak utzi ahal izateko, eta Lea-Artibai Ikastetxe ondoko aparkalekuan eta barruko partekoan ere utzi ahalko direla aparkalekuak azaldu dute. “Aparkaleku gune berriak non egongo diren zehazteko kartelak jarri dira herrian zehar”, nabarmendu dute.
Zirkulazioari dagokionez, aldaketa nagusia
udaletxe osteko errepidearen itxiera izango dela jakinarazi du udalak.
Barikuan [uztailak 13], 14:00etan itxiko da eta martitzen goizeko lehenengo orduan ireki. “Horrela, jaiak iraun bitartean barraken gunea oinezkoen espazioa izango da eta segurtasuna bermatu ahal izango da eremu horretan”. Egunotan hainbat errepide moztuko diren arren, garajeetako sarrerak mantendu egingo direla argitu dute, hala nola Xemein etorbidean, Osteko kalean edo Abesuan.
Horrez gain, egunotan
taxi geltokia Iturritxu kalera lekualdatu dute, autobus geltokiaren parera, eta gune horretan egongo da karmenetako azpiegitura guztia jaso arte. Aldaketa Karmen jaietarako baino ez dela izango aitatu du udalak, “jaiak pasatutakoan geltokia berriro bueltatuko da Zelai barrenera”.