Egun nagusia ospatu dute Markina-Xemeinen
Lehen aldiz aurten, bola jokoan jarduteko aukera ere egon da jaietan. MX3T taldeak Uhagon ostean prestatutako bolatokiak adin guztietako herritar askoren interesa eragin du. Gaur, gainera, Bizkaiko Hiru Txirlo Bola txapelketako jardunaldietako bat jokatu da bertan. Guztira 63 bolarik parte hartu dute. Gizonezkoetan Iker Ibarluzea (Markina-Xemein), Sergio Rodriguez (Eibar), Bittor Rodriguez (Eibar), Boni Plaza (Markina-Xemein) eta Gotzon Uranga (Deba) izan dira lehen bost onenak; emakumeetan Yarisa Caballero (Azpeitia), Nerea Foruria (Ziortza-Bolibar) eta Nerea Jimenez (Markina-Xemein); eta gaztetxoetan Udai Zelaia (Markina-Xemein), Xabier Garitagoitia (Ziortza-Bolibar) eta Josu Urkia (IruƱea).
Ez da eguneko kirol bakarri izan. Markina-Xemeingo Master Seriesaren finala hartu du gaurkoan Uni pilotalekuak eta harmailak zesta-punta zalez bete dira. Beaskoetxea-Irastorza eta Goikoetxea-Ekhi aurrez aurre ikusteko aukera eduki dute zesta-punta zaleek. Beaskoetxea eta Irastorza nagusitu dira, Goikoetxea eta Ekhi 14-15 eta 7-15 menderatu dituzte.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Joselu anaiak dantza giroa jarri dute arratsaldean Arkupe aurrean, eta Igorreko Dantzarte, Markina-Xemeingo Zerutxu eta Poloniako Kostrzaine dantza taldeen ikuskizunak Goiko Portalean, gauean. Bete-bete. Atzo ere leporaino egon zen frontoia Emeki koralaren emanaldi berezia ikusteko. Kepa Junkera eta Sorgiñak izan zituen ondoan herriko koralak eta emanaldiak ikusmin handia eragin zuen; hilarak egin ziren sarreran. Ikuskizuna «ikusgarria» iruditu zitzaion frontoia bete zuen publikoari.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Karmen bezperak joko eta jolasak ekarri zituen Zelaira eta Arkupe aurrera. Egurrezko jokoak, sormen txokoa eta kirol egokituaren guneko probetan ibili ziren ume eta gaztetxoak goiz eta arratsalde. Lagun taldeen arteko Konkixe ere eduki zuten gazteek arratsaldean. Bederatzi taldeetako partaideek galdera-erantzunak, txapel jaurtiketa, gobara lasterketa, ura ahoan eramanda erreleboak, stand up paddel, arku tiroa eta motor txikien lasterketa probak gainditu behar izan zituzten besteak beste. Bost talde onenek herriko merkatari taldeak emandako sariak eraman zituzten: Aldrebesak, Atuttiple, kuxkuxerak, Laili eta Gandulek. Gazteak Zelaian zebiltzan bitartean Mus eta Briska Txapelketak jokatu zituzten nagusiek, eta herri kirolak ere egon ziren Zelaian goizean. I. Markina-Xemeingo Hiru Lurralde arteko Txapelketa lehiatu zuten.
