700 kilo hondakin bildu dituzte Gaztelugatxe inguruan
Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak zapatuan Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko egindako auzolana «arrakastatsutzat» jo dute. 53 pertsonen artean 700 bat kilo hondakin batu zituzten.San Juan azpiraino jaitsi ziren goizean, itsasbehera aprobetxatu...
San Juan azpiraino jaitsi ziren goizean, itsasbehera aprobetxatuta. Akatz eta Gaztelugatxe bitarteko badia garbitu, eta itsasoaren kutsadurari buruzko solasaldia egin zuten.
Irune Ormaetxea Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, hondakinen kopuru handi bat itsasoan egindako lanen ondorioz sortutakoak dira: arrain kaxak, sare zatiak, sokak edota buiak… Kopuru handienean batutako hondakinak gehien bat plastikozko ur botilak dira. «Plastikoak itsasoan sortzen duen arazoei buruz hitz egin genuen».
Antolatzaileek parte hartu dutenen lana eskertu dute, «izugarria» izan delako. Bermeoko Herri Babeseko kideei ere eskerrak eman dizkiete itsas hondakinak lehorrera ateratzeko eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko eskainitako laguntzagatik.
Hormaetxeak lekuaren zailtasunagatik boluntarioek egindako lan «baliotsua» goraipatu, eta lanen helburua bikoitza izan dela gogoratu du. Babestutako eremuaren itsas ertzeko hondakinak garbitzea, ingurumen balioa eta paisaiaren edertasuna zaintzen eta mantentzen laguntzeko. Eta gizartea sentsibilizatzeko kanpaina izan da; hondakinek eta batez ere plastikoek itsasoan sortzen duten ingurumen arazo larriaz ohartarazteko.