Kirol ekitaldiek garrantzia nabarmena izaten dute urtero Santiago eta Santa Ana jaietan, aurten, baina, kirola eta emakumea batu, eta horien presentzia nabarmendu dituzte.
Hain zuzen, Santiago bezperako pregoia eta txupinazoko ekitaldian GarbiƱe Saenz de Buruaga alkateak
herriko bost emakume kirolari izango ditu alboan. Isuntza arraun eta Tximista atletismo taldeetako gaztetxoak igoko dira balkoira arratsaldean.
Urtean zehar arrazoi desberdinengatik zer edo zer azpimarragarria egin duten herritarrak gonbidatzen dituzte udaletxeko balkoiko pregoiaren ekitaldia. Aurten emakumeek kirolean duten presentzia azpimarratzeaz gain, belaunaldi gazteak indartsu datozela nabarmendu nahi izan dute Ispasterko?Udalaren Jai Batzordeko kideek.

Santa Ana egunez, profesional mailako emakumeen pilota partiduaz gozatzeko aukera eskainiko dute. Emakume Master Cupa lehiatutako lau pilotari egongo dira Ispasterrren, tartean, txapeldunak: Leire Etxaniz etxebarritarra eta Olatz Arrizabalaga gernikarra. Etxanizek Gentzane Aldai aurrelari orozkoarragaz osatuko du bikotea, eta Arrizabalagak Nagore Arizmendi azpeitiarra izango du atzealdean.
Kros lasterketa herrikoia. Ostean, kros herrikoiaren txanda izango da. Parte hartu nahi dutenek egun berean izena eman beharko dute udaletxen. 8 urtera artekoek 1,1 km-ko ibilbidea egingo dute, eta 9-16 urte bitartekoek 2,3 km-koa (bi multzotan banatuta). Nagusiek 7 km-ko krosa burutuko dute. Urtero moduan, txapel, garaikur, lore-sorta eta diru-sari galantak jasoko dituzte azkarrenek.
Alabaina, domekan hasiko dira jaiak, bigarren urtez egingo duten erakus txakurren lehiagaz. Goizean adituak edota afizionatuak ariko dira; 08:00etatik 08:30era izena eman beharko dute. Hiru kategoria daude: ingelesak, kontinentalak eta absolutuak. Arratsaldean, berriz, lehiaketa herrikoia egingo dute nahi duenak parte hartzeko aukera emanez. Batzuentzat zein besteentzat sari potoloak prestatu dituzte
Otoio Ehiztarien Kirol Elkartearen ordezkariek.
Kirola eta parranda uztartzeko jai aproposak dira Ispasterko jai nagusiak. Martitzenean lehertuko da festa giroa, Txanton Pipirriren igoeragaz eta danborradagaz. Hala,
Aitxitxa Makurra txarangakoen doinuek lagunduta, nahi beste sagardo edan eta gazta eta intxaurra jateko aukera egongo da, jai batzordekoen eskutik.
Santiago Egunez, santuaren ermitan elkartuko dira, eta meza ostean, ardo gozoa eta pastak banatuko dizkiete nagusienei. Eguerdia Xabat Galletebeitia lekeitiarraren eta Jone Uria getxoztarraren bertsoekin girotuko dute.
Arratsaldean, ostera, ume eta gaztetxoez gozamenerako ginkana edukiko dute. Probak egin bitartean, dibertitzeko aitzakia ederra. Bestalde, urtero jendetza erakartzen duen Mus Txapelketa hartuko du frontoiak. 8 erregetara jokatuko dute, 3 jokoetara, eta izen ematea bikoteko 20 euro izango da. Txapeldunek garaikurrak eta txapelak janzteagaz batera, 400 euro irabaziko dituzte. Txapeldunordeentzat garaikurrak eta 300 euro egongo dira. Hirugarren bikote sailkatuak 200 euro jasoko ditu, eta laugarrenak 100 euro.

Mus Txapelketa, frontoian.
Argazkia: Ispasterko Udalaren Jai Batzordea.
Santanatxu Eguna ere berezia izaten da ispastertarrentzat. Herri bazkarian elkartuko dira, eta arratsaldeko
XII. Banakako Bolo Txapelketaren ostean, iluntzeko mozorro lehiaketak hartuko du lekukoa. Bakarka zein talde txiki edo handietan parte hartu ahalko da. Udaletxean (94-684 29 99) izena eman behar da astelehena aurretik.
Bolo txapelketan parte hartzeko izena eman beharko da, 17:45etik 18:00etara, eta 3 euro ordaindu beharko dira. Sarie dagokienez, irabazleak txapela eta 60 euro jasoko ditu; bigarren geratzen denak 40 euro eta hirugarrenak 20 euro irabaziko dituzte.
Santanatxu egunean
parranda giroa izango dute goizaldera arte. Herriko jai nagusiak Liskerren musikagaz dantzatuz agurtuko dituzte datorren urtera arte. Gauerdian izango da Txanton Pipirriren jaitsiera, eta aurretik eta ondoren erromeria. Hala, atsedenaldian soka saltoan duten abilezia erakusteko aukera izango dute gazte zein helduek.
Parrandazaleek ibilgailua hartu beharrik izan ez dezaten, Lea-Artibaiko udalerrietatik
Gababus zerbitzua egongo da jaietako azken gauean. Era berean,
eatarrentzat ere
autobus zerbitzua eskainiko dute. 22:30ean Txangurro aurretik aterako dira Ispasterrerantza, eta bueltarako, berriz, 03:30ean dute ordua, Ispasterko autobus geralekuan. Txartelak autobusean bertan eskuratu ahalko dira.
Jaietan gozatzeko, eta “pasa barik, ondo pasatzeko” gonbidapena luzatu du Ispasterko Udalaren Jai Batzordeak.
EGITARAUA:
UZTAILAK 22, DOMEKA
- 08:30. II. Erakus-txakurren lehiaketa, Agarretxuko zelaietan.
- 17:00. Proba herrikoia.
UZTAILAK 24, MARTITZENA (SANTIAGO BEZPERA)
- 17:00. Pala Txapelketako finalak.
- 19:00. Txupinazoa, pregoia eta Txanton Pipirriren igoera.
- Ondoren. Tanborrada herrikoia Aitxitxa Makurra txarangagaz.
- 23:30. Erromeria Ilargi Beltza taldearen eskutik.
UZTAILAK 25, EGUAZTENA (SANTIAGO EGUNA)
- 11:30. Kalejira Elexaldetik Santiagoko baselizara.
- 12:00. Meza nagusia Santiagoko baselizan.
- 13:00. Xabat Galletebeitia eta Jone Uriaren saioa, Santiagoko baselizaren ondoko zelaian.
- 17:30. Gin kana umeentzat eta gaztetxoentzat.
18:00. Mus Txapelketa.
- 22:00. Dangiliske plaza dantza taldearen emanaldia.
UZTAILAK 26, EGUENA (SANTA ANA EGUNA)
- 10:00. Meza Santiagoko baselizan.
- 11:30. Ispasterko harrobiko gaztetxoen esku pilota partiduak.
- 12:00. Meza Nagusia Mikel Deunaren baselizan.
- 13:30. Emakumeen esku pilota partidua: Gentzane-Etxaniz vs. Arizmendi-Arrizabalaga.
- 18:00. 24. Kross Lasterketa Herrikoia: gazteak.
- 19:00. 24. Kross Lasterketa Herrikoia: nagusiak.
- 22:30. Puro Relajo mariatxi taldearen emanaldia.
UZTAILAK 27, BARIKUA (SANTANATXU EGUNA)
- 14:30. Herri bazkaria.
- 18:00. XII. Banakako Bolo Txapelketa.
- 21:00. Mozorro lehiaketa.
- 23:30. Lisker taldearen erromeria.
- 00:00. Txanton Pipirriren jaitsiera.
- Jarraian. Lisker taldearen erromeria, eta atsedenaldian soka saltoa.
- Oharra. Gababus zerbitzua eta Ea-Ispaster autobus zerbitzua.