Dena prest daukate Etxebarrian Santixau jaiei hasiera emateko. Barikuan muntatuko dute Plazabarriko karpa, eta haren aterpean batuko dira herritarrak jaiez gozatzeko. Euri ala eguzki, ondo pasatzea izango dute helburu.
[EGITARAUA]
Santiago eguna eguaztenean jausi denez, ohi baino luzeagoak izango dira aurten Etxebarriko Santixau jaiak. Asteburu honetan hasi eta uztailaren 29ra arteko egitaraua osatu dute, herritarrek gustuko dituzten ekimenak mantendu eta berriak gehituz. Hala, orain dela 30 urte lehenengoz egin zen
San Miguel igoera berreskuratuko dute jaietarako. Kastinparro Racing taldeak antolatuta, domeka goizean igoko dira autoak Etxebarritik gora.
Kadeteen mailako
txirrindulari lasterketa ere lehiatuko da bigarren urtez, eta Ollagorra elkarteak antolatutako urteroko plater apurketa saioak eta eskupilota eta zesta-punta partiduek osatuko dute kirol eskaintza.
Txupinazoa, eguerdian. Lehen aldiz Santixau egun eguerdian botako dituzte jaien hasierako pregoia eta txupina; Jubilatuen Elkarteko kideak izango dira arduradunak.
[EGITARAUA]
Uztailaren 26a, berriz, umeen eguna izango da, eta haur parkeagaz gainera, bigarren
Gazte Chef lehiaketa edukiko dute. Gehienez lau lagunez osatutako taldeetako gazteek patata tortilla bat prestatu beharko dute. Uztailaren 27an zeharkatuko du herria, bestalde, Guraso Elkarteak antolatzen duen
danborradak, eta, gauean, herri afaria eta kontzertuak egongo dira. Kuadrillek eta jubilatuek hartuko dute protagonismoa azken egun bietan; paella jan herrikoian eta jubilatuen bazkarian elkartuko dira.