Ondarroako portuko uretan eta inguruetan gasoil isuria egon dela salatu du Eguzkik

Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak jakitera eman duenez, astelehenean [uztailak 16] eta martitzenean [uztailak 17] gasoil orbanak ikusi dira Ondarroako portuko uretan eta inguruetan.
Gasoil orbana Ondarroako portuan

Gasoil orbana, atzo, Ondarroako portuan. Argazkia: Eguzki

Talde ekologistak salatu duenez, aste honetako antzerako isurketak askotan gertatzen dira Ondarroako portuan. “Azken 20 urteotan, zoritxarrez, hainbat gasoil isuri egon dira, eta jakin nahiko genuke horren harira zenbat zigor ezarri diren. Gure ustez, inpunitate osoa dute kaltea eragiten dutenek, eta hori dela eta, gure haserrea adierazi nahi dugu”. Eguzkik, bere aldetik, erakundeei arazoari irtenbide bat emateko eskaera egin nahi die, gaiari buruz hartu behar diren legezko erabakiak hartzeko. “Erakundeei arazoagaz inplikatuta dauden sektore guztiekin –armadoreak, Eusko Jaurlaritza, Kosta zuzendaritza, bateleroak, ekologistak…– batzeko exigitzen diegu, eta, bide batez, gaia serio hartzeko”.