30 urte eta gero, San Migel igoera berreskuratzea erabaki du Kastinparro Racing taldeak. 1988ko uztailaren 25ean lehiatu zen Etxebarria eta Urkaregi bitartean I. San Migel Igoera, bigarren igoera, berriz, domeka goizean egingo da. «Lea Artibai Rallyagaz nahikoa ez eta, horrenbeste gustatzen zaigun automobilismoa bultzatzeko asmoagaz igoera mitiko hau berreskuratzea ezinbestekoa dela ikusi dugu taldekiodeok, eta zein data hoberik bere urteurrena baino», azaldu dute.
47 auto. Joan den barikuan amaitu zen izena emateko epea eta jada behin-behineko zerrenda kaleratu dute antolatzaileek. Guztira 47 parte hartzaile izango ditu automobilismo probak, asko Lea-Artibai eta Busturialdekoak izango dira, denetara hamairu.
Hauek dira Lea-Artibai eta Busturialdeko partaideak: Gernika Racing Eskuderiako
Asier Bidaburu (Reynard RF10B) eta
Ivan Muñoz (Lotus Exige); Etxebarriko Kastinparro Racingeko
Garikoitz Lopez (Citroen Saxo 16v),
Jabi Gorbea (Simca Rallye 2),
Jose Javier Aginaga (Ford Escort MKI),
Ramon Muniozguren (Seat Ibiza Junior) eta
Aitor Gandiaga (Peugeot 205 Rallye); Hamaika Eskuderiako
Jon Erezuma (BMW M3 E30),
Ioritz Abaroa (Citroen Saxo),
Aitor Saizar (BMW 325i E36) eta
Mireia Saizar (Renault Clio Williams) eta BCR Eskuderiagaz parte hartuko duen
Enrike Saizar (Ford Eskort MKII) bai eta
Txus Jaio (BMW M3) ere Euskadi Racing eskuderiagaz.
Ia bost kilometro. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzaileek 4,400 kilometroko tartea osatu beharko dute. 10:00etan hasiko dira entrenamenduak eta jarraian egingo dira bi txandak.
Kirol proba gauzatu ahal izateko errepidea itxita egongo da ordu batzuetan; mozketa 08:00etan egingo da.
Txanda guztiak amaituta,
15:00etan, banatuko dituzte kategoria bakoitzeko sariak antolatzaileek Peñanekua Plazan. Oroigarriez gainera, 1.900 euro emango dituzte sarietan.