Omenaldia eskaini zion atzo [uztailak 19] Etxebarriko Udalak erretiroa hartu duen Mari Carmen Urdanpilleta udal idazkariari.
39 urte egin ditu udalean lanean, eta atzo izan zuen bere azken osoko bilkura.
Hileroko ekitaldia amaitutakoan eman zioten ezustekoa. Idoia Odriozola zinegotziak txistua jo zuen eta Aurreskua dantzatu zion herriko dantzari gazte batek. Horrez gain, Rosa Etxabe herriko artistak egindako
oroigarria oparitu zioten, urte guzti hauetan egindako lana eskertuz.
Orain alkate den Jesus Iriondok Urdanpilletaren ibilbide profesionala goraipatu zuen. “Urte guzti hauetan aldaketa asko bizi izan ditu, guztia eskuz idaztetik dena informatizatuta egotera arte. Beti denerako prest egon da gainera”.
Goizargi Hernando izango da idazkari berria, eta bere ordutegira egokitzeko osoko bilkurak hemendik aurrera 18:30ean egingo direla aurreratu dute. Hurrengoa irailaren 20an izango da.