Lekeitioko Udalak presoen urruntze politikaren aurkako mozioa onartu du
“Lege Orokorrean askatasuna kentzeko zigorrak betetzean deserrotzea saihesteko ezarritakoa kontuan izanik, zigor horien bergizarteratze printzipioen arabera, urrunze espetxe politikarekin ez gaudela ados diogu”. Hitz horiek jaso eta onartu ditu Lekeitioko Udalak, aho batez.
Egun Julen Atxurra Egurrola Pototo eta Liher Aretxabaleta Rodriguez dira preso dauden lekeitiarrak. Atxurra Puerto de Santa Marian dago (Cadiz, Espainia), eta Aretxabaleta OcaƱan (Toledo, Espainia). Lehena Lekeitiotik 1.100 kilometrora dago, eta bigarrena 540 kilometrora.
“ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren barruan, uste dugu espetxe politika berri bat behar dela, presoak zigorrak gizarte eta familia erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika, hain zuzen ere”. Politika berri horrek presoak senideekin harremana edukitzea erraztuko duela diote, “bere seme-alaba adingabeen ongizatera begira eta horiek gurasoekin egoteko duten eskubidearen alde”.
Mozioa Sare plataformak aurkeztu zuen. Eta idatzi bera aurkeztu zuten 2016ko abenduaren 14an Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 2017ko ekainaren 7an Bizkaian eta apirilaren 18an Araban. Hiruretan onartu zuten. “Hitzarmen honekin Euskal Autonomi Erkidegoko hiru Batzar Nagusiekin akordiora iritsi gara”. Apirilaren 18an, baita ere, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako sindikatu guztiek ere onartu egin zuten mozioa (ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta Etxalde).