Nagusiki hiriburuetan egiten diren jaialdiak herrietako publikoari ere hurreratzeko asmoz,
Markina-Xemeingo bigarren Jazzaldia antolatu du Uhagon Kultur Elkarteak. Maila handiko hiru talde gonbidatu dituzte gaur [uztailak 20] hasi eta domekara arte [uztailak 22] luzatuko den jaialdira. Ingurune paregabeak aukeratu dituzte, gainera, emanaldietarako: kulturguneko lorategia izango dute lehen talde biek agertoki, eta herrigunera eramango dute, berriz, hirugarrena, alde zaharrera. Eguraldiak lagunduko ez balu, baina, gaurko kontzertua kulturgune barruan eta biharkoa Xemeingo elizan egingo direla aurreratu dute antolatzaileek.
Dr. Maha’s Miracle Tonic-en swing, western swing eta rhythm and blues erritmoek zabalduko dute Jazzaldia. «Doinu horiek 30eko eta 40ko hamarkadetan murgiltzen gaituzte. Kalakarien gurdiak eta musikari buhame nomaden ikuskizunak ekartzen dituzte gogora», aurreratu dute antolatzaileek.
Dr. Maha’s Miracle Tonic.
2011 urteko udan sortu zenetik Dr Maha’s Miracle Tonic-ek ehunka emanaldi eskaini ditu, bai eta sari ugari irabazi ere. 2011ko Bilbo Hiria Rock jaialdiko 2. saria, Euskadiko eta Bizkaiko talde onenaren sariak, Azkena Rock saria edo Barakaldo Pop Rock saria pilatu ditu taldeak azken urteetan.
2016an kaleratu zuten hirugarren iraupen luzeko lana, Bankkrobbers, eta 2017ko urtarriletik aurkezpenekin geratu gabe dabiltza. «Harmonia oso zainduak, doinu dantzagarriak eta banjoaren eta biolinaren tinbreak nabarmentzen ditu taldeak, umore dosi handiagaz».
Uda guztia jaialdiz jaialdi emango dute, Hondarribiko Blues jaialditik igaro berri datoz Markina-Xemeinera.
Apartekoa. Antolatzaileen azaldu dutenez, hiru emanaldiak daukate euren «berezitasun, xarma eta aberastasuna», hala ere, zapatuko kontzertua nabarmendu dute:
Charlie Parker With Strings. «Zalantzarik gabe galdu ezinezko kontzertu bat da, bai jazz zaleentzat eta baita ez direnentzat ere».
Roberto Pacheco musikaria.
Charlie Parker (1920 Kansas City -1955 New York), Bird ezizenez ezaguna den saxofonista eta konpositore estatubatuarra, saxofoi altu jotzaile onenetakotzat jotzen da. Jazz kritikarien esanetan, historiako musikaririk garrantzitsuenetakoa da, Louis Armstrong, John Coltrane eta Miles Davisekin batera. «Bepop-aren sortzaileetako bat izateaz gain, jazzean bide berri garrantzitsuak zabaldu zituen Parkerrek. Bere ametsetako bat soka orkestra batekin grabatzea zen eta amets hau egi bihurtu zuen: 1949 eta 1950 urteetan bi grabazio egin zituen estudioan soka orkestra batekin, Chalie Parker With Strings izenburupean».
Bi grabazio horietan oinarrituta dago zapatuko kontzertua. Apartekoa izango dela azpimarratu dute gainera, Parkerren lan horiek oso gutxitan taularatu baitira, besteak beste, proiektu honen zailtasun mailagatik. «Euskal Herrian Charlie Parker with Strings taularatzen den bigarren aldia izango da Markina-Xemeingoa. Lehenengoz, 2005eko Donostiako Jazzaldian taularatu zen, Phil Woodsen gidaritzapean Et Incarnatus harizko orkestrak lagunduta».
Charlie Parker with Strings
Roberto Pachecoren eskutik dator Markina-Xemeineinera. Hamar musikarik, Roberto Pachecok gidatuta, interpretatuko dituzte Parkerren lanak. «Kalitatea bermatuta dago; taldekide batzuk Euskadiko Orkestra Sinfonikoko eta Musikeneko musikariak dira».
Maraya Zydeco. Argazkia: asturPacolFotografia
Zydeco musika. Maraya Zydeco Trio hirukoteak emango dio amaiera aurtengo Jazzaldiari; Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdian jota datoz Markina-Xemeingo Jazzaldira. Mississipi inguruko doinu biziak eskainiko ditu taldeak, zydeco eta blues erritmoak. «Formazio berezia dugu Maraya Zydeco trio. Gutxitan ikusten da, edo inoiz ez, akordeoia blues doinuak jotzen. Instrumentu hau folk edo doinu klasikoekin lotzen baita».
Zehaztu dutenez, zydeco deitzen da hirukote horren musika estiloa. «Zydeco eta Cajun musika jotzen duten Espainiar estatuko banda bakarra dira». Musika estilo horiek nondik nora datozen azaltzeko, eskuorri bereziak ere banatuko dituzte. «Musikak, musikaren edertasunaz gozatzeaz gain, munduko zein gertuko, historia eta kulturak ezagutzeko aukera ederra ematen digulako».
EGITARAUA
- Gaur, barikua
20:00, Uhagon kulturgunean. Dr Maha’s Miracle Tonic. Western swing, rhythm and blues. Musikariak: Patxi Lopez Monasterio bateria; Daniel Gonzalez kontrabaxua; David Sanchez Damian gitarra, Bouzouki eta ahotsa; Nerea Alberdi biolina eta koroak eta Sergio Llanos banjoa eta gitarra.
- Bihar, zapatua
20:00, Uhagon kulturgunean edo Xemeingo elizan. Charlie Parker With Strings, Roberto Patxekoren eskutik. Musikariak: Roberto Patxeko saxofoi altu bakarlaria; Judith Montero saxofoi sopranoa; Izaskun Etxebeste, Irene Etxebeste eta Maddi Arana bibolinak; Natacha Dupuy biola; Elena Escalza biolontxeloa; Kike Arza kontrabaxua; Satxa Soriazu pianoa eta Juanma Urriza bateria.
- Etzi, domeka
12:30, Arkupean. Maraya Zydeco Trio, Blues, Zydeco. Musikariak: Maraya Zydeco acordeoia; Michael Lee Wolfe gitarra eta ahotsa eta Ethan Winogrand bateria.