Uemaren bidez egindako euskararen kale erabileraren datuen berri eman du oraintsu Markina-Xemeingo Udal Euskara Zerbitzuak. Datuak testuinguruan kokatu eta euskararen egoeraz gertatu denari buruz zertzelada batzuk emateko, Pako Aristi Urtuzaga idazle eta kazetaria gonbidatu zuten aurkezpenera. Euskararen gaur eguneko gaitz guztiak XVI. mendean hasi zirela azaldu zuen Aristik, Nafarroa konkistatu zutenean.
Idazleak azaldu zuenez, inprenta sortu zenean justu Nafarroako konkista gertatzeak
eragin handia izan zuen. «Nafarroako gobernua ahalmenik barik gelditu zen euskara bultzatzeko, Europako beste nazioak ez bezala». Horrez gain, XIX. mendean Bizkaian egon zen uholde demografikoak eta XX. mendean egon direnek ere espainola ekarri eta euskara gutxitu dutela dio.
Piramide sozialaren eraginez ere, euskarak lekua galdu du Aristiren ustez, eta egun barrenbarrenean dago. «Nafarroa erresuma zenean, piramide sozial osoan euskara hitz egiten zen, gero konkistagaz, gailurreko eliteek ia ez dute euskaraz egiten, espainola eta frantsesa sartzen dira. Euskara baimentzen dute behe mailan, baina XVII-XVIII. mendeetan gaur eguneko estatu modernoak sortzen dira, eta estatu zentralista horiek presioa egiten eta hizkuntza debekatzen hasten dira. Euskara lekua galtzen doa piramidean, gaur eguneko zifretara heldu arte».
Hizkuntza bat indartsua da atzean botere politiko indartsua duenean, eta hizkuntza bat ahula da, gutxitua, atzean botere politiko txikia duenean
Ordezkapena. Euskararen ordezkapena alor guztietara ailegatzen da. «Instituzio propioak ordezkatzen dira atzerriko instituzioekin, demografikoki ere ordezkapen bat ematen da, lurrak kentzen zaizkie bertako biztanleei eta Gaztelako kolono pila bat Nafarroara etorri ziren, eta haiek jarri ziren lurren jabe». Ordezkapen linguistikoa ere gertatu zen. «Lehen euskaraz hitz egiten zen lekuetan, gotzainek, epaileek, nobleek eta erregeek ere euskaraz hitz egiten zuten, erdaraz hitz egingo dute, eta euskara ez da onartuko botere guneetan».
Gustukoa ez den egoera hori gainditzeko, herri batek, besteak beste,
jakintza edo bertute batzuk eduki behar ditu Aristiren esanetan, herriarekiko maitasuna, botere politikoa eta deskolonizazio mentala, esate baterako. «Herri batek autoestimu handi bat eduki behar du, bere burua maitatu behar du, eta konbentzituta egon behar da eskubidea daukala bere nortasuna sendotzeko, indartzeko, hizkuntza hitz egiteko, eta hori maitasunaren bidez lortzen da. Baina maitasunak indarra eta adimena eduki behar ditu, indar hori bere helburuen alde erabiltzeko».
Botere politikoa edukitzearen garrantzia ere azpimarratu zuen Aristik. Botere politikoa edukitzea norbere interesen helburuak lortzeko ahalmena edukitzea dela dio, eta hori ez da Euskal Herriaren kasua. «Botere zati bat bakarrik badaukazu, ahalmen horiek guztiak ezin dituzu eskuratu, eta horretara abiatzen bazara, botere politikoa duenak galarazi egingo dizu, hemen ikusten dugun bezala. Euskarari trabak jartzen dizkiote beti, epaiketak sartuz eta udalak hartzen dituzten erabakiak baliogabetuz». Ondorioz, hizkuntza bat indartsua dela dio atzean botere politiko indartsua duenean, eta hizkuntza bat ahula da, gutxitua, atzean botere politiko txikia duenean.
Osasuna lortzeko deskolonizazio mentala beharrezkoa da
Beste alde batetik, mende askotan euskarari buruz behin eta berriro esandakoak barneratuta dauzkagula ere baieztatu zuen, eta osasuna lortzeko,
deskolonizazio mentala beharrezkoa da bere iritzian. «Hau da, herri txiki bat garela, euskarak gure lurraldetik kanpo ez duela balio, espainola eta ingelesa ikasi behar direla edo euskara ez dela politizatu behar… horiek bezalako ideia horiek albo batera utzi behar dira».
Azkenik, Euskal Herrian
kohesioa ere falta dela dio. «Politikoki hiru zatitan banatuta gaudelako, hiru administraziotan, eta bi estatu indartsuen mende denbora askoan».