Giro izugarria eta auto ikusgarriak –Fombona bere Lamborgini ikusgarriagaz, Bruno Scherer eta bere Porsche 911, Abel Lombardo SpeedCar-agaz– ikusteko aukera eskaini zuen atzo goizean (uztailak 22) lehiatu zen II. San Migel Igoerak. Guztira 45 pilotuk hartu zuten irteera Etxebarrian, eta denetatik bizkorrena Gernika Racing Taldeko
Asier Bidaburu izan zen. Lehenengo txandan eman zuen denborarik hoberena gernikarrak, 2.39.013 denboran osatu zuen 4,400 kilometroko tartea.
II. San Migel Igoera. Argazkia: Kastinparro Racing
09:00etan hasi zen Kastinparro Racing-ek antolatutako igoera. Bi entrenamendu txandekin ekin zioten egunari, eta ondoren, sailkapenerako beste bi txandak egin zituzten. Txanda bakoitzean autoek Etxebarritik Urkaregi tontorreraino dauden 4.400 metroak ahalik eta azkarren egiten ahalegindu ziren. Arazoren bat edo beste ere eduki zuten batzuek. Hala, bost bat autok utzi behar izan zuten proba.
[SAILKAPEN OSOA]
Kastinparro Racing taldekoek jakitera eman dutenez, orain dela 30 urte, lehenengo igoera egin zenean parte hartu zuten pilotu batzuk ere parte hartu dute bigarren lehiaketan. Besteak beste
Aitor Zabaleta eta bere Lola T298 autoa eta
Jose Javier Aginaga gidari markina-xemeindarra nabarmendu dituzte. “Pilotu mitikoa dugu Zabaleta eta adituen esanetan txapela janzteko aukera asko dituena”, adierazi zuten proba orduko, eta ez ziren urrun ibili Aitor Zabaletak podiumeko bigarren lekua bete du-eta II. San Migel Igoeran. Hirugarrena berriz,
Jose Antonio Lopez-Fombona (02.53.599) izan zen, eta Lea-Artibaiko lehenengoa
Txus Jaio. 12. postua lortu zuen 03.05.283 denbora eginez. Aginaga 27.a izan da oraingoan (03.21.691).
Igoeran parte hartu zuen jarleku bakarreko autoetako bat. Argazkia: Kastinparro Racing
Bestalde, oraintsu hil den
Jose Miguel Gabilondo pilotua ere eduki zuten gogoan. Bere semeak igoera bat egin zuen San Migelen gora eta txapela oparitu zioten oroigarri, automobilismoari egindako ekarpen guztia eskertu nahirik. San Migelgo lehen igoeran ere parte hartu zuen Gabilondok Alpine 1600 autoagaz; auto bera eraman zuen semeak ere.
[SAILKAPEN OSOA]