Skateparka egiteko lanak martxan jarri ditu Lekeitioko Udalak
Herritarrek urteetan egindako eskariari erantzunez, skatepark-a egingo du Lekeitioko Udalak Larrotegi kirolgunean. Orain dela aste batzuk hasi zituzten lanak, zehazki futbol zelaiaren ondoan kokatuko duten gunean.
Gunearen diseinua herriko skaterrekin elkarlanean egin dela azaldu du udalak, «haien behar eta nahiak betetzeko helburuagaz». Skateparkaren kokapenerako, gainera, kontuan eduki dituztela esan dute Larrotegin egiten diren gainontzeko kiroletako guneak.
Lanak aste honetan amaitzea aurreikusten dute, gainera, zapatuan [uztailak 28] Skate Eguna ospatuko da. Goizean umeentzako ekintzak egongo dira, eta arratsaldean kontzertuak eta profesionalen erakustaldia.