29. Kalekak jendetza handia erakarri duela adierazi dute Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren antolatzaileek. Ikuskizunak eguraldiaren iragarpenetara moldatu izanak jaialdiko emanaldi guztiak normaltasunez burutzea lortu duela azaldu dute, eta eguraldiak egun guztietan lagundu ez duen arren, Kalekaren 28 ikuskizunetan
19.690 ikusle zenbatu dituzte.
‘L’Entresort’-Tetes de Mules (Euskal Herria-Frantzia). Argazkia: Kiñuka/Kaleka
Guztira, 22 konpainia eta kolektibok parte hartu dute jaialdian.
Dikothomia,
Compañia Nueveuno,
Godot,
Karl Stets,
Ganso y Cia,
Rui Paixao, Winston Koperlan eta Urko Notredame edota
Têtes de Mules-en clown eta zirkuko lanak ikusgai egon dira asteburuan, eta
Baakai Katiuska,
Estampades eta
Hika Teatroa eta Oinkari Dantza Taldeak egindako dantza ikuskizunez zein
Lekittoko Deabruak eta
Bilbobassoren pirotektia espektakulu ikusgarriekin gozatzeko aukera egon da.
‘Cuerdo’-Karl Stets (Danimarka). Argazkia: Kiñuka/Kaleka
Ume eta gazteei zuzendutako
Faboo keinu-antzerkiaren,
Matias Zanottiren jantzi eszenikoen tailer, performancea eta erakusketaren edota
Efecto R,
Lucas Escobedo eta
Cia Barsantiren performanceen eta jaialdiaren aurkezpena girotu zuen
Markeliñeren ikuskizunen tira handia ere azpimarratu dituzte antolatzaileek.
Matias Zanoti ‘Atuendos Caprichosos’ erakusketarako jantziak prestatzen.
Matias Zanottik gainera, antzeztokietan erabiltzen diren jantzien sorkuntzaren inguruko workshop-a eskaini zuen. “Tailer horretan sortutako jantziak Atuendos Caprichosos erakusketaren parte izan dira jaialdiko lau egunetan, eta 1.800 pertsonak bisitatu dute esposizioa. Ildo beretik, Rui Paixaok Estado Omnium laborategia eskaini zuen, egungo clown-en mundua ezagutu eta honen inguruko gogoeta eta esperimentazioa landu zituena”.Kolaborazioak. Herriko kultur elkarteekin egindako kolaborazioekin ere pozik geratu dira jaialdiaren antolatzaileak. Argi daukatela esan dute Kalekaren garapenean indar handia hartzen ari direla. “Aurtengo edizioan, berriz ere, ehundaka ume izan dira Arropaineko Arragua sorkuntza espaziora hurbildu eta tailerrean parte hartu dutenak, udako kanpamendu eta tokiko hezkuntza zentroekin elkarlanean”. Malekoia Txiringitoaren elkarlana ere azpimarratu dute. Euriaren eraginez astelehenera atzeratu zen Winston Koperland eta Urko Notredamen emanaldia, hala ere harrera ona eduki zuen.
‘Amor’-Bilbobasso (Frantzia). Argazkia: Kiñuka/Kaleka
Aurtengo jaialdiak ateak itxi dituen arren, Kalekak ez duela agur esaten azpimarratu dute antolatzaileek. “Are gehiago, bere 30. urteurrenerako prestatzen hasiko da. Arrazoi hori dela eta, irailaren 3an sekzio Ofizialean eta Scratch-en parte hartzeko deialdia irekiko du, bertan egon nahi duten konpainia eta kolektiboek proposamenak bidali ditzaten”. Gainera, Kaleka jaialditik haratago doala gogora ekarri dute, izan ere Kalekaz Blai sekzioaren bidez, jaialdiaren ekintza-markoaren barruan sustatzen diren jarduerak urte osoan jarraipena edukitzea dute helburua.