Herritarra erdigunean kokatuko duen politika diseinatu eta garatu ordez, udal gobernuak eurentzako onurak lortzeko ildoak garatzen dituela kritikatu du oposizioaren buruak. “Edozerk balio die politika populista eta merkantilistak egiteko. Tartean, irregularrak edo guztiz legalak ez diren erabakiak hartzea ere, adibidez. Pertsonon segurtasuna eta ongizatea be arriskuan jarri izan dute sasi-eraginkortasuna erakutsi nahian”.
Azaldu dutenez, EAJren gobernuak aspaldi erabaki zuen gai garrantzitsuen inguruan oposizioagaz ezelako harremanik ez izatea. “Erabakiak ez dira eztabaidatu edo adosten, eta, horrela, herritarren ia erdiaren ordezkaritza baztertu egiten da. Hori gutxi balitz, gainera, politikak zuzen egiteko jarraipena egin ahal izatea eragozten dute, horrek dakarren arrisku guztiarekin, ez baitakigu zer, nola eta zergatik erabakitzen den, eta, are gehiago, legearen barruan ibiltzea ziurtatzea ere ezin baita kontrolatu”.
“Berde gunearen ingurua kotxez beteta egon arren, hondeamakinaren besoa kotxeen gainetik pasa eta hala lurreratu zituzten zuhaitzak”
Lanak. Azken hilabeteetan Lekeition egin diren zenbait hiri lan jarri dituzte horren guztiaren adibide modura.
Udaletxeko aurrealdearen pintaketa egiteko herriko enpresa bat kontratatu dutela azaldu dute, eta EH Bilduren ustez, enpresa horrek erabili duen aldamiajea guztiz desegokia izan da eta debekatuta dago bere erabilera. “Beharginon artean 83 urteko pertsona bat ere ikusi ahal izan genuen lanean, udalak inolako kontrolik egin gabe”.
Santa Katalina pasealekuko jolaslekuko zuhaitzen mozketa ere ezelako segurtasun neurririk barik egin zela salatu dute. “Harridura handiz eta ustekabe galantaz ikusi genuen aipatuta zeregina nork eta zelan egin zuen. Kale garbiketa zerbitzuko kide batek lan ordutegitik kanpo, bariku iluntzean eta arduradun politikoa aurrean zela. Motozerra eskutan hartu eta zuzenean ekinez, ez esku larrurik, ez aurpegi babesgarririk, ez jantzi egokirik, ez antzeko ezer”.
Azkenik,
San Andres auzoan dagoen berde guneko zuhaitzak botatzeko ere ez zutela ezelako segurtasun neurririk hartu eta aparkatuta zeuden ibilgailuen jabeei ez zietela ezer jakinarazi kritikatu dute. “Berde gunearen ingurua kotxez beteta egon arren, hondeamakinaren besoa kotxeen gainetik pasa eta hala lurreratu zituzten zuhaitzak. Zuhaitzok behegainean zeudela mozketari ekin zioten Santa Katalinan egindako eran, beharginen ezelako babesgarri barik”.
“Ezin ditugu halako agintari traketsak eduki gure herria gobernatzen. Talde honen egiteko era hori ez da profesionala”
Esan dutenez, egoera horien aurrean hirigintzako teknikariaren bidez ahalegindu ziren arduradun politikoagaz ahalik eta arinen berba egiten, hirigintza batzordean ere eskatu zituzten azalpenak, eta formalki eta ofizialki idatziz ere eskatu dituzte. “Eskatu ditugu azalpenak eta erantzun oso desegokia jaso dugu gure iritziz”.
Itxurak. EH Bilduk esan duenez, EAJk ekinaren ekinez sinistu arazi nahi dio herritargoari kudeatzaile onak direla, emaitza eta irudi konkretu batzuk bilatuz. “Koldo Goitia partikularki ahalegin handia egiten ari da bere irudi pertsonala ere kudeatzaile garbi batena izateko. Ekintzek, demostratzen dute, itxurakeria besterik ez dela eta pentsatu ere ez dugu nahi egin, antzeman ditugunetatik aparte, zenbat jardun egongo diren desegokiak, irregularrak, edo, zergatik ez, ilegalak”.
Egoera honi amaiera eman behar zaiola uste dute. “Ezin ditugu halako agintari traketsak eduki gure herria gobernatzen. Talde honen egiteko era hori ez da profesionala”. Eta argi daukatela esan dute Lekeitiok
alternatiba zentzuzkoa behar duela. “Herri bat gestionatzea ez da pertsona agintzaile eta harroentzako lana. Izan gaitezen serioak”.