Malenak kolorez bete dituzte kuadrillek
Kuadrilla Eguna giro ezin hobean igaro dute mutrikuarrek. Aurten berreskuratu duten bazkaria izan da arrakastatsuena eta bereziena. 30 kuadrillak erantzun diote Bizixo Jai Batzordeak egindako deialdiari.Etenaldirik gabe Malen jaiak ospatzen jarraitzen ...
Kuadrilla Eguna giro ezin hobean igaro dute mutrikuarrek. Aurten berreskuratu duten bazkaria izan da arrakastatsuena eta bereziena. 30 kuadrillak erantzun diote Bizixo Jai Batzordeak egindako deialdiari.
Etenaldirik gabe Malen jaiak ospatzen jarraitzen dute Mutrikun. Festen erdialdea gaindituta, Kua- drilla Eguna ospatu zuten atzo.Urtero egin modura, kuadrilla bakoitza bestearengandik bereizten duen jantzi eta kamiseta koloretsuekin ospatu zuten eguna herritarrek.
Zezenek protagonismo handia izaten dute malenetan, eta atzo ere hala izan zen. Eguerdian ausartu ziren kuadrillek zezenen aurrean futbito partiduak jokatzeko aukera izan zuten Goiko Plazan. Partiduek emozio handia ekarri zuten jendez beteta zegoen Goiko Plazara. Kuadrillek zezen txikiekin batera jokatu behar izan zuten, eta zazpi minutuko tartean gola sartzea ez zen egiteko erraza izan. Joselontxo’s txarangaren doinuek giroa alaitzen zuten bitartean, jokalariek animalien adarkadak saihestu behar izan zituzten tarteka, eta bateren batek zezenen burukada bat edo beste ere jaso zuen. Arno ganadutegiko zezenak, gainera, golegile ere bihurtu ziren, golak buruz eta hankekin sartuta.
Antolatzaileek jakitera eman zutenez, lehiaketan bi taldek bakarrik parte hartu zuten. Irabazleak Kutxabank taldeko Aitor, Jon, Egoitz, Uraitz eta Aritz izan ziren. Irabazleek 100 euroko txekea jaso zuten udalaren eskutik. Lehiaketaz kanpo, bestalde, beste bost kuadrillek parte hartu zuten kirol jarduera berezian. «Lehiaketaz kanpo jokatu dutenen artean nesken bi taldek jardun dutela aipagarria da».
Arratsaldean, berriz, bestelako zezenak ikusteko aukera egon zen. Alde zaharreko kale estuetatik zehar jaietako azken sokamuturra egin zen, eta parte hartu zuten herritarrek eta kanpotarrek Mutrikuko Arno ganadute- giko lau zezenen aurrean gozatu ederra hartzeko aukera eduki zuten.
Ohitura zaharrak
Atzokoan, gainera, Kuadrilla Eguneko bazkaritan batu ziren 30 bat kuadrilla. Ekintza urteak galduta egon ondoren, herritarrek ondo baino hobeto erantzun zioten Bizixo Jai Batzordeak egindako deialdiari.
Eta batzuek janaria etxetik prestatuta ekarri bazuten ere, jai batzordeko kideek hainbat su ipini zituzten kuadrillen eskura. Horiek baliatuta, kuadrilla bakoitza bere bazkaria prestatzen ibili zen Beheko Plazako hainbat txokotan. Pasta, entsalada, marmitakoa, paparra erreta…, denetarik prestatu zuten lagun taldeek giro ezin hobean.
Bapo bazkaldu eta gero, hainbat ekintzaz gozatzeko aukera egon zen arratsalde partean. Esate baterako, Gogo-Gozo taldearen erromeria egon zen Beheko Plazan. Gauean, aldiz, Su Ta Gar talde ezagunaren doinuek bete zuten Goiko Plaza. Eta doinu mexikarrak atseginago dituztenek, beste alde batetik, Txapito Guzman eta Ibarrako langostinuek taldearen doinuekin batera gerriak astintzen amaitu zuten Kuadrilla Eguna.
Gaur, jaietako azken txanpan sartuta, Santixo Eguneko ospakizunetan murgilduko dira.