33. Nazioarteko Musika Astea ospatuko dute
Bermeoko 33. Nazioarteko Musika Asteak hainbat musikari bilduko ditu kontzertuz betetako astea eskaintzeko.Jazzberren gertatu den bezala, euskal musikarien presentzia handia izango dela nabarmendu dute Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak eta Sus...
Jazzberren gertatu den bezala, euskal musikarien presentzia handia izango dela nabarmendu dute Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak eta Susana Regidor Kultura teknikariak. Aste berezi horretan «hainbat estilotako kalitate handiko kontzertuak» entzuteko aukera egongo dela adierazi dute.
Kultura zinegotziak Nazioarteko Musika Astea urtero «oso arrakastatsua» izaten dela adierazi du, musikaren zaleak zein mundu horretara hurbiltzea bilatzen dutenak batzen dituen egitasmoa, hain zuzen ere. Astuik azaldu duenez, udalaren helburua «musika herriari hurbiltzea» da, horrela mundu guztiak «musikagaz gozatu ahal izateko».
Esan bezala, abuztuaren 6an (astelehena) emango diote hasiera ekimenari, Olaitz Saitua sopranoak, Beñat Egiarte tenoreak eta Elena Cadierno piano jotzaileak osatutako hirukotearen kontzertu lirikoagaz. Horien ostean, barikura arte, egunero kontzertu bat entzuteko aukera edukiko dute Bermeora hurbiltzen direnek.
Aniztasun handia
Kontzertu guztiak doakoak izango dira, eta barikukoa izan ezik Santa Maria elizan ikusi ahalko dira, 20:00etan hasita. Barikuan The Old Timey String Band laukote getxoztarrak eskainiko du musika astearen azken kontzertua, eta hori ikusteko aukera Kafe Antzokian egongo da, 6 euroren trukean.
Astuik adierazi du aurten «aniztasun handiko programa» eskaini nahi izan dutela eta hori «zaila» izan den arren, mota askotako kontzertuak edukiko dituztela esan du, harro. «Euskal Herriko musikaren panorama» agerian uztea izan da antolatzaileen beste helburuetako bat, eta «kalitatezko musika eskaintza zabala eta interesgarria» egongo da Bermeon.
Zinegotziak gonbidapen zabala egin du, eta «musikaren zaleak» edota «zale izan nahi dutenak» musikaz gozatzeko hurbiltzera animatu nahi izan ditu, «estilo desberdinetako doinuak ezagutzeko aukera berria» izango baitute aurten Nazioarteko Musika Asteak iraungo duen bost egunetan.