24. Hondartzako Boleibol Txapelketa herrikoia jokatuko da martitzenean [uztailak 31] Mendexako Karraspio hondartzan. 09:00etan hasiko dira Lekeitioko Marierrota Boleibol Taldeak antolatutako norgehiagokak. Ordu horretan 15 urtetik gorako nagusien mailakoak hasiko dira jokoan 2×2 formatuan jokatuko dutelarik. 10:00etan, berriz, txiki boleia edukiko dute 14 urtetik beherako gaztetxoek, 3×3 formatuan jokatuko dute.
Txapelketan parte hartu nahi dutenek
marierrota@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezakete, txiki bolei txapelketarako berriz, bertan egunean ere eman ahalko dela izena jakitera eman dute antolatzaileek, 09:30erako. Bikote mistoentzat ezustekoa egongo dela aurreratu dute. “Herriko merkatariek lagundu digute txapelketa hau aurrera eramaten eta egindako ekarpena eskertu nahi diegu”.
Aldaketak. Bestalde, zuzendaritza berria izango du Marierrota Boleibol taldeak. Marierrotako jokalari nagusiek hartu dute orain, taldearen gidaritza. Taldearen orain arteko filosofia bera mantenduko dutela azaldu dute batzorde berriko kideek, “jende eta aurpegi berri eta ideia freskoekin”. Horrela, betiko modura, Marierrotaren izaerari eutsiko diote taldea osatzen duten guztien artean: boleibola herrian eta eskualdean zabaltzeko asmoz lanean jarraituko dute, beti ere kirola egiteagaz batera, pertsonak hezitzea eta lagun berriak ezagutzea helburu izanik.
Zazpi lagunek osatzen dute zuzendaritza
batzorde berria:
- Lehendakaria: Udane Lauzirika
- Lehendakari ordea: Aitor Zarragoitia
- Idazkaria: Leixuri Plaza
- Diruzaina: Iratxe Odriozola
- Bokalak: Maialen Abasolo, Leire Lauzirika eta Amaia Canales.
Batzorde berriak
eskerrak eman dizkie aurreko batzordean egondako guztiei orain arte egindako lanagatik, eta gogoan eduki dituzte bai eta ere jokalari, guraso eta taldea aurrera eramaten lagundu duten guztiak. “Etapa berri hau ilusioz beteta hasten dugu. Taldea zabalik dago eskua bota nahi duten guztientzako eta edozein laguntza eskertuko genuke”.
Marierrota boleibol taldeko zuzendaritza batzorde berria. Argazkia: Marierrota Boleibol Taldea
80 kirolari. Euskal Ligan aritu dira aurten ere Marierrotako nagusiak, beste maila guztiak, berriz, Bizkaiko Ligan ibili dira. Nagusien taldeak gainera, denboraldi bikaina egin du, eta Euskal Ligako lehenengo mailara igotzea lortu du.
Guztira, 80 bat neska-mutil ibili dira Marierrotan, eta nagusien taldekoak hartu dute gazteagoan entrenatzeko ardura eta konpromisoa. “Hortik etorri da gero, zuzendaritza batzorde aldaketa”. Bizkaiko eskolarteko liga eta Euskal Liga amaitutakoan, kantxak utzi eta hondartzara atera dira Marierrotako jokalariak.