Pozik. Horrelantxerik ailegatu dira Helmugak proiektuko kideak Canada BC Bike Race probatik. Uztailaren 7an hasi zuten lasterketa, abentura, baina, bi egun lehenago hasi zen, eta nola hasi gainera.
Uztailaren 5 goizean goiz hartu behar zuten hegazkina Loiuko aireportuan. Eta abentura hantxe bertan hasi zen. Izan ere, hegazkinaren matxura bat tarteko, hegaldia atzeratu zieten, eta Frankfurtera (Alemania) uste baino beranduago ailegatu ziren. Zehatz esateko, Vancouverrera (Kanada) zihoan hegazkina atera eta hogei minutura ailegatu ziren.
Baina zortekoak izan ziren. Eta horretan zerikusi handia eduki zuen
Tomas Ugarteburu urte askoan Vancouverren bizi den baina jaiotzez Berriatuko Milloi auzokoa dena. «Esker bereziak eman nahi dizkiogu. Ez ginen ezagutzen, eta gertaera izan da beragaz kontaktuan jartzea. Bera ez bazen egon, ez ginen garaiz ailegatuko», dio Ander Txakartegik Helmugak proiektuko kideak.
Txakartegigaz batera ondokoek parte hartu dute Helmugaken azken abenturan: Xabat Arrate (Markina-Xemein), Iban Amias (Ispaster), Oier Aurrekoetxea (Bermeo) eta Joseba Albisua (Zumarraga).
Ikusirik garaiz ez zirela ailegatuko, Ugarteburugaz jarri ziren kontaktuan. «Tomasi esan genion egiaztapena egiteko ez ginela garaiz ailegatuko. Harek esan zigun lasai egoteko, bera joango zela antolatzaileengana. Esan eta egin. Antolatzaileei gure abenturaren berri eman eta hark konpondu zigun dena».
Vancouverrera ailegatuta, Ugarteburu bera eduki zuten zain Helmugakeko kideek. «Teo Ruiz izeneko bategaz zegoen gure zain. Lur orotako ibilgailu baten sartu eta ziztu bisian egiaztapenak egiteko lekura eraman gintuzten».
Txakartegi, proban erabili duen bizikletagaz, Berriatuan.
Egiaztapenak egiteko lekuan autobus bat hartu behar zuten, eta autobusak froga hasiko zen lekura eramango zituen itsasontzira eraman behar zituen. Bada, bost kirolariak azken autobusera ailegatu ziren, Ugartebururi eta Ruizi esker.
Bidaiaren abentura pasata, proba egiteko prest zeuden bostak. «Lasterketa bera nahikoa ondo egin dugu. Teknikoa izan da, oso. Guztiok nahikoa batera joan gara, eta ondo pasatu dugu». Dena dela, etapa bat amaitu eta beste hasi behar zen lekura arte joatea ere nekagarria izan dela esan dute. «Etapa bat amaitzen genuen, eta gero lekuz aldatzen gintuzten, autobusez edo dena delako garraioan. Lekualdaketa egiteko kilometro asko egin ditugu, eta horrek ere nekatu egiten du».
Dena ondo-ondo antolatuta egon dela esan dute. «Antolatzaileak oso ondo portatu dira. Dena eskura eman digute, eta ondo zainduta egon gara. Gero, beste proba batzuetan ez modura, hemen, leku bakoitzean talde antolatzaile bat zegoen. Sare bat moduan zeukaten antolatuta. Eta horrek ondo funtzionatu du».
Etapak egin hala, Ugarteburuk jarraipen berezia egin die bost euskaldunei. «Ugarteburu beti egon da gugaz arduratuta. Eta zenbait etapa amaitzean guregana etorri eta gugaz osteratxoa egitera etortzen zen. Hala, bere etxea erakutsi, lehen zertan lan egiten zuen kontatu eta abar egin du gurekin». Nolabait esateko, Ugarteburugaz Vancouver inguruetan bisita gidatuak egiteko aukera eduki dute Helmugakeko kideek.
Helmugakeko kideak, Vancouverren bizi diren euskaldunekin.
Etapa batzuetan ere erorikoak eduki dituztela esan dute, baina ez dute aparteko zauririk eduki. «Ibilbidea oso teknikoa izan denez, kontu handiz ibili behar izan gara, batez ere sustraiekin. Ibilbidean harria eta sustraiak eduki ditugu, eta sustraiekin kontuz ibili behar da, batzuetan irrist egin ahal genuen eta». Paisaiak, baina, ametsetakoak zirela esan dute. «Sekulako basoetan ibili gara, ederrak benetan!».
Kanadan mendiko bizikletagaz ibiltzeko ohitura handia dagoela ikusi dute. «Jendea basoan agertzen zen, gu animatzen».
Lasterketa oso gogorra izango zelan esan zieten, eta diotenez, hori buruan zeukatenez, ez zaie hain gogorra egin.
Euskaldunekin batuta. Azken etapa eginda, Vancouverren bizi diren euskaldunen topaketara ailegatu ziren. «50 euskaldun inguru batu ziren, Ugarteburu ere tartean zegoen. Eurekin berba egin, marmitakoa eta txorizoa jan… Gustura egon ginen». Topaketa horretan lekeitiar bat eta ondarrutar bat ere egon ziren.
Abentura guztia bideoan jaso dute Helmugakeko kideek. Eta datorren ikasturtean proiekzioak eskainiko dituzte batean zein bestean.
Mongolian eta Kanadan ibili eta gero, Helmugak proiektuak ez dauka etenik. Eta oraindik hurrengo helmuga zein izango den zehaztu barik badaukate ere, proiektuak bizirik jarraitzen duela gogorarazi dute.