Itsasoa baino gehiago batuz
Enrike Zubia margolari bermeotarra herriko artisten artean arituz sartu zen artearen munduan; giro horretan ibiltzeko aukera edukitzeagatik «zorte handia» izan zuela uste du.Itsasoa hartzen du gai nagusitzat Enrike Zubia margolari bermeotarrak bere o...
Enrike Zubia margolari bermeotarra herriko artisten artean arituz sartu zen artearen munduan; giro horretan ibiltzeko aukera edukitzeagatik «zorte handia» izan zuela uste du.
Itsasoa hartzen du gai nagusitzat Enrike Zubia margolari bermeotarrak bere obretan, baina, hala ere, bere bidaietako eta beste alor batzuetako margolanak sortzen ere saiatzen da. Horrela, jendea «ez nekatzea» bilatzen du artistak, eta «beti itsasoa eta arrantzaleak gora eta behera» islatu beharrean, «beste mundu bat» ere badagoela dio.Zubiak bere azken koadroen erakusketa jarri du ikusgai Mundakako Juan Tribisarrospe Kultur Etxean, eta uztailaren 31ra arte egongo da irekita, asteko egun guztietan, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Bertan, azken urteetan egindako 26 koadro bildu ditu.
Margolariak dioenez, bere lurraldeko «pertsonaia eta paisaiak» margotzen ditu, «bizipenak eta itsasoko jendea, kaietako mugimendua, portua… ura eta lurra». Lanak sortzeko inspirazio iturria bere «sustraiak eta jatorria» direla dio.
Itsasoan lanean ibilitakoa da, eta hori argi ikusten da bere lanetan: arrantza, portua, itsasoa edota ontziak izaten dira Zubiak bere koadroetan irudikatzen dituenak. «Beti itsasoaren aurrean bizitakoa naiz, arrantza giroan». Bere bizitza inguratzen duela dio, «barrura sartu eta hiztegi» bat bezala geratzen dela, «bizirik eutsiz».
Tamaina handiko zein txikiko koadroak batu ditu erakusketan. Hala eta guztiz ere, koadroetara bakarrik ez dela mugatzen dio bermeotarrak, eskulturak ere egiten baititu.
Estilo errealista batean sortzen ditu lanak. Hori jendeak horrela gustukoagoa duelako egiten duela dio; dena dela, berak ere estilo hori nahiago duela aitortzen du.
Neguan, Bermeon
Etorkizunera begira, urte bukaeran Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan beste erakusketa bat eskaintzeko asmoa daukala adierazi du. Bertan, berriz ere itsasoari eta arrantzari berebiziko garrantzia emango dizkio Zubiak, baina gaurkotasuna duten beste hainbat gaietan murgilduko diren obrak ere ikusgai jarriko dituela azaldu du.