Bertoko lau gaztek memoria historikoa landuko dute Kroazian
Giza eskubideak eta memoria historikoa lantzeko udaleku bat antolatu du Kroazian Europako Batasuneko Erasmus+ programak. Bertan izango dira Gernika Gogoratuz elkarteak aukeratutako bost gazte; horien artean, bermeotar bi eta gernikar bi (bosgarrena Sal...
Bost gazteak eta beraien taldeko arduraduna Venues of Victims / Venues of Perpetrators proiektua lantzera doaz Kroaziara, Europako beste hamabi herrialdeetako kideekin batera.
Gaur egungo historia gazteentzako «erakargarri bihurtzeko» programa da, eta historia jarduera desberdinen bidez landuko dute, «beste begi batzuekin aztertzen ikastea eta balio europearrak partekatzeko bidea» bultzatu nahi dutelako.
Jugoslavia zaharreko gatazka lekuetan zehar ibiliko dira abuztuaren 18tik 31ra bitartean. Besteren artean, Zagreb, Jasenovac, Pula, Vukovar eta Opatija bisitatuko dituzte. Herri eta hiri horietan, gatazka desberdinen lekuko izan ziren tokiak bisitatuko dituzte, bai eta gerra bizi zutenen testigantzak jaso ere. Iraganak Kroazian utzitako leinua giza eskubideen eta memoria historikoaren ikuspegitik aztertzeko aukera edukiko dute. Gainera, Kroazian ikusi eta ikasitakoagaz, hausnartzeko espazioak sortu ahal izango dituzte, eskualdera bueltatzen direnean hausnarketekin jarraitzeko.