Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak egin du salaketa. Jakitera eman dutenez, ontzi frantsez eta irlandarrek sartu dute sare pelagikoz arrantzatutako arraina, bertoko arrantzaleentzako sistema ilegala delako. “Arrantza modu hori oso suntsitzailea da, sare horrek aho zabal bat daukalako goiko aldean (futbol zelai baten tamainakoa), eta horregatik behar ez diren arrainak ere arrantzatzen ditu (babestutako espezieak eta abar)”.
Gainera, botaldi bakoitzean arrain asko harrapatzen dutenez, txalupara jasotzen dutenerako
arrain asko hilda eta apurtuta egoten dira. “Gure
kontserberek apurtutako hegaluze horiek erosten dituzte, itxurak ez dielako ardurarik. Beraz, uste dugu egokiena litzatekeela Eusko Jaurlaritzak kontserbera horiek identifikatzea, gero publizitate faltsua egiten dutelako; modu tradizionalean arrantzatutako arraina dela esaten dute”.
Bertoko arrantzaleek modu tradizionalean arrantzatzen dutenez, erbesteko txalupek
konpententzia desleiala egiten dietela gaineratu dute. “Bertokoak arte selektibo ez intentsiboak erabiltzen dituzte, eta besteek metodo depredatzaileak”.

Sare pelagikoekin arrantzatutako atunak. Argazkia: Eguzki
Aurten, gainera, Frantziako ontziteria pelagikoa uztaileko bigarren astean hasi da arrantzuan, normalean abuztuan hasten direnean. “Bertoko txalupa tradizionalek estatuko arrantza kupoa bete duten bitartean, Frantzia eta Irlandako txalupek arrantzatzen jarraitzen dute”.
Egoera horren aurrean, Eguzkik Bizkaiko Golkoan
arrantza errekurtsoak modu jasangarrian eta arduratsuan kudeatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, “bertoko arrantzaleek harrapatzen dituzten espezieak zainduz eta bere eskumenek ematen dioten ahalmenak erabiliz”. Hori lortzeko, Ondarroa 12 Milia plataformaren proposamenak kontuan hartzeko eskatu dute. “Gai honetan gehiago inplikatzeko eskatzen diogu Jaurlaritzari, eta arrantzako 6/1998 Legearen 10. eta 11. artikuluak ezartzeko”. Kontrol hori beti egiteko eskatu diote Jaurlaritzari, “eta ez tarteka, iaz egin zuten moduan”. Halaber, ikuskatzaileen lantaldea handitzeko eskatu diote, txalupa horiek hobeto ikuskatzeko.
Europako Batasunak euskal txalupei emandako
kuotak ez pribatizatzeko eta publikoak izateko eskaria ere luzatu dute ekologistek. “Eta ez daitezela merkantilizatu, zimarroiaren kuotarekin gertatu den bezala”. Oro har, Europako Batasunari eta ICCATari kuotak modu jasangarrian arrantzatzen duten txalupen artean banatzeko eskatu dute, eta Bizkaiko Golkoan, 46ยบ paralelotik behera,
tunidoen arrantza pelagikoa debekatzeko exijitu dute, arrantza tradizionalaren lana ez oztopatzeko.