Ikurrina goian daukate Berriatuko Milloi auzoan. Atzo [abuztuak 31] altzatu zuten aurtengo Antolin Deunaren jaiei hasiera emanez. Kanpai hots eta txapliguen doinuagaz eman zioten hasiera hiru egunetako jaiari.
Mus txapelketa eta rock kontzertuak eduki zituzten jaiei hasiera beroa emateko, gaur [irailak 1] berriz,
Auzotarren Eguna ospatu dute jaietara hurreratu diren guztiek lagunduta. Halan, goizean, San Antolin baselizan ospatu den elizkizunaren ostean
XV. Txapel Jaurtiketa lehiatu dute elkartearen aurrean 14 ume eta 32 nagusik.
Umeak Milloiko tiropitxoiaren aurrean.
Umore on eta giro ederrean egin dute norgehiagoka. Haizea ere kontuan hartu dute batzuk eta animorik ez dute falta izan, baina gaurkoan txapela jaurtitzen trebeenak
Aitzol Bilbao (umeen mailan) eta
Txomin Hiriart-Urruti (nagusien mailan) izan dira; azken hori, beste batzuekin batera, Lapurditik etorritako laguna.
9 metro eta 90 zentimetroko jaurtialdia egin du Bilbaok txikien finalean, sailkapenean, aldiz, 13 metro eta 40 zentimetro ere egin ditu. Hiriart-Urrutik berriz, 18 metro eta 80 zentimetroko distantziara bota du txapela finaleko azken tiraldian garaipena eskuratuz.
Txapel jaurtiketako nagusien mailako lau finalistak.
Bazkariak, briskak eta umeen jolasak borobildu dute Milloiko Auzotarren Eguna, eta auzoko umeek kudeatutako Tiropitxoiak ere denbora pasa ederra eskaini du.
San Antolin Egunagaz emango diote jaiei amaiera bihar [irailak 2].
Bertsolariak eta
triatloi berezia egongo dira 12:30ean eta 13:30ean, eta
idi demak arratsaldean. Itziarko Etxetxo, Orioko Ainhoa Gabirondo eta Mungiako Gorostolaren animaliak neurtuko dira 17:30ean hasiko den Milloiko 22. Perran Sarian.