Euskal Zine Bilerak,
Euskadiko Filmategiagaz batera, iraganeko irudiak berreskuratzeko eta ikustarazteko proiektu bat jarri du martxan:
Atzo8 proiektua. Horren bidez Lekeitioko ganbaretan gordetako film zaharrak berreskuratu eta hauen proiekzioekin batera, hitzaldiak, lantegiak eta bestelako ekintzak antolatzea erabaki dute.
“Formatu analogikoan filmatutako edozein gai biltzen duen filmen bila gabiltza: etxeko irudiak, bidaiak, antzerkiak, dantzak, kalejirak, jaiak… Lekeition edota lekeitiar batek filmatutako edozein filmek har dezake parte”, jakitera eman dute. Euskadiko Filmategiarekin batera jasotako irudiak gorde, digitalizatu eta kopia bana emango dutela trukean azaldu dute.
Horrela, Lekeition filmatutako Super8 film zaharrak dituenak edo pelikulak dituen inor ezagutzen duenak Lekeitioko udal artxiboagaz kontaktuan jarri daiteke 946034122 telefono zenbakira deituta edo artxiboa@lekeitio.eus helbide elektronikora idatzita.