Mendi bidean egoera txarrean zeuden tarteak konpondu dituzte txirrindulariak pasatzeko. Hain zuzen, hondatuta zeuden porlanezko xaflen lekuan berriak jarri, eta zulotutako guneak egokitu dituzte. Horregaz batera, igoeran dauden bi landa kanadarrak konpondu dituzte, eta etaparen egunean xafla ez-labaingarri batekin estaliko dituztela jakitera eman dute.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Egokitzapen lanak atzo amaitu zituzten, beraz, bidea prest dago datorren
eguaztenean [irailak 12] Bizkaiko etapa izango dena hartzeko. Vueltako 17. etapan, txirrindulariek Getxoko kirol portuan hasi eta 166,4 kilometro egingo dituzte.
Unai Rementeria Bizkaiko Aldun Nagusiaren berbetan, “etapa itzuli bat da Bizkaitik eta gure aniztasunetik” eta bizkaitarrentzat oparia: «”Izan ere, etapa hamar bizkaitarretik bederatziren ondotik pasatzea lortu dugu; Barakaldoko, Santurtziko, Portugaleteko, Sestaoko, Mungiako, Gernikako eta abarreko etxeetan sartzeraino ia-ia. Txirrindulariek eta zaleek elkarren beharra dute, eta uste dut ibilbide honek hori errazten duela, ikuskizuna eta hurbiltasun handia zalearekin. Espero dut jende asko egotea animatzen areketan eta denon artean egun hori ahaztezin bihurtzea”.
Ikusgarria eta jasangarria. Bizkaiko Begiratokian etapa amaitzea “ikusgarria” izango dela azpimarratu du: “Bizikletari diogun maitasun sakon horretatik, beste arrazoi bat gehitzen diogu kirol honi mendate berri batekin, igoera ikusgarri batekin eta, eguraldi ona eginez gero, Bizkaia osoa ikusteko aukera eskaintzen duen gailur batekin. Horregatik deitu diogu Bizkaiko Balkoia. Badakit gero eta zikloturista gehiago animatzen direla mendatea igotzera, ezagutzera, eta ez due inor hotz uzten”.
Etapa jasangarria izatearen aldeko apustua egin du aldundiak. Hala, jasangarritasunaren eredu izateko, Bizkaiko Balkoirainoko igoera guztian zehar, gaikako bilketarako edukiontziak jarriko dituzte eta etapa amaitzean, hondakin guztiak jasotzeaz arduratuko dira.
Zehatz esateko
gaikako bilketarako hamar puntu egongo dira eta puntu bakoitzean bost edukiontzi jarriko dituzte–hondakin mota bakoitzeko bat–. Beraz, organikoa, papera, beira, ontzi arinak eta errefusa bilduko dituzte. Rementeriak azaldu duenez, ingurua etaparen aurretik dagoen moduan uzteko konpromisoa hartu du aldundiak, “eta ahalik eta denbora laburrenean”. Bertaratzen direnei ingurumena errespetatzeko eskatu die: “Denok batera lan egiten badugu, paperontziak erabiltzen baditugu, ingurumena ahal bezainbeste errespetatzen badugu, askoz errazagoa izango da”.
Bizkaiko etapa telebistan zuzenean ematearen
oihartzunaren garrantzia izango dela nabarmentzeagaz batera, Bizkaiko “postal bat” izango dela uste du ahaldun nagusiak: “Itsasotik abiatuko gara, Getxotik, Bizkaiko Badiatik, Europako Badiatik, eta mendira iritsiko gara; Ezkerraldea edo Bilbo bezalako hiri-gune handiak zeharkatuko ditugu eta baita herri txikiak eta Gaztelugatxeko Donienea edo Urdaibai bezalako babesturiko eremu naturalak ere; meatzetako burdina eta Guggenheimeko titanioa konbinatzen ditugu, iragana eta orain elkartzen ditugu… Telebistan sei orduz zuzenean emango denez, aukera handia da bost kontinenteetako milioika ikuslek hemen daukagun lurralde ikusgarri hau ezagutu dezaten”. Frantziako Tourra Bizkaitik pasatzearen aukera ere aitatu du: “Zaila da inpaktu handiagoko erakusleiho hobe bat kontratatzea. Frantziako Tourra agian, baina denok elkarrekin lan egiten badugu eta dena ematen badugu etapa erabateko arrakasta izan dadin, ziur nago Frantziako bira laster etorriko dela Bizkaira. Ohorezko matrikularekin gainditu behar dugu azterketa hau”.
Vuelta lehiatzean ari diren bizkaitarren batek eguazteneko etapa irabazteari buruz ere aritu da Rementeria. Pello Bilbao, Omar Fraile, Igon Anton eta Jonathan Castroviejo edo bestela Murias taldeko edozein txirrindularik irabaztea izugarria izango litzatekeela adierazi du.