HAPOa onartzeko herritarren iritziak bilduko ditu Mendexako Udalak
Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onarpena herritarren parte hartzeagaz egin nahi du Mendexako Udalak. Eta horretarako, informazioa eman eta laguntza teknikoa eskainiko du.
Hasierako onarpena biltzen duen dokumentuari buruzko formakuntza-informazio hitzaldia datorren martitzenean [irailak 11] emango dute udaletxeko ganbaran dagoen aretoan. Jakitera eman dutenez, 19:00etan hasiko da saioa.
Hain zuzen ere, aipatu dokumentua herritarrentzat ikusgai dago udaletxean. Hala, txostena bertatik bertara ezagutu nahi dutenek ahalik eta egokien ulertzeko, jendaurrean dagoen bitartean laguntza teknikoa ematea erabaki du udalak. Horretarako beharrezkoa da udaletxean hitzordua hartzea.
Dokumentua kontsultatu eta hura ulertzeko laguntza teknikoa bost egunetan eskainiko dute. Bihar da lehenengo eguna, eta 12:30etik 15:00ak arteko ordutegia jarri dute. Irailaren 11an, 16:00etatik 19:00etara egongo da laguntza teknikoa. Irailaren 20an [eguena] eta urriaren 4an [eguena] 12:30etik 15:00etara eskainiko dute zerbitzua. Irailaren 25ean [martitzena] arratsaldeko ordutegia izango du; 16:00etatik 19:00etara, hain zuzen.