Kirolak ere badauka bere tartea Lekeitioko sanantolinetan. Gaur [irailak 4] erabaki da Akarregi pilota taldeak antolatzen duen
Zapaterito frontoiko esku pilota txapelketa, eta bihar [irailak 5] profesionalen mailako Akarregi Torneoaren final handia jokatuko da 17:00etan, Santi Brouard frontoian, Elezkano II eta Rezusta eta Artola eta Larunberen artean.

Partida politak eskaini dituzte gaur Akarregi, Lea Ibarra Motrollo, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko eta Leitzako pilotariek. Benjamin mailan
Unax eta Iker markina-xemeindarrak izan dira nagusi, Izei eta Ernairi 18 eta 2 irabazita; alebinetan Leitzako
Manex eta Unaik 18-13 irabazi diete Ispasterko Urzelai I eta Urzelai II pilotariei; txikien mailan Lekeitioko
Patxik eta Etxebarriko
Mikelek 22-12ko garaipena lortu dute Ispasterko Igotz eta Urtzi aulestiarraren aurrean; nagusietan, azkenik,
Legarra aulestiarrak eta
Arkotxa etxebarritarrak 22-14 menderatu dituzte Asier aulestiarra eta Jon berriatuarra.
Jende asko batu da Zapaterito frontoiaren bueltan finalak ikusteko. Frontoi berezia izanik, ikusmina eragiten duen txapelketa izaten da urtero. Pilota jokoagaz gainera, bertsoak entzuteko aukera ere egon da gaurkoan, izan ere bertsolari-botilero lana egin dute Xabat Galletebeitiak eta Felipe Zelaietak.
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
XVIII. San Antolin Futbol Torneoa ere jokatu da gaur, Larrotegin, Lekeitio F.T. eta Athletic taldeen artean. Batutako dirua Elikagaien Bankurako izango dela iragarri dute.
Txirrindularitza. Bestalde, Txirrindularitzako
67. San Antolin Saria, Oier Elorriagaren omenezko XVII. Memoriala lehiatu zuten atzo [irailak 3], kadete mailako txirrindulariek.
Flavio Ortiz (Club Ciclista Efrain Gutierrez) izan zen irabazlea, 62 kilometroko ibilbidea 1.39.59 denboran osatuta.

Adrian Bastidak (Racer Motor) eta Ivan Manuel Bonillak (Club Ciclista Efrain Gutierrez) osotu zuten podiuma. Lea-Artibaiko lehenengoa, berriz,
Egoitz Aranzeta izan zen (Baque-Ideus BH Team). Taldekako saria Efrain Gutierrez taldeak eraman zuen, Mendiko saria Adrian Bastidak lortu zuen eta tarteko helmugetakoa Flavio Ortizentzat izan zen. Guztira,
74 txirrindulari atera ziren Ateatik eta 37 helmugaratu ziren.
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak, Josu Itza kirol zinegotziak eta Amets Txurruka txirrindulari ohiak banatu zituzten sariak, eta ostean, omenaldia egin zion Lekeitialde txirrindulari taldeak
Patxi Gabika txirrindulariari. Bere emazte eta alabari oroigarria eta loreak oparitu zizkieten. Horrez gain, Oier Elorriagaren omenezko XVII. Memoriala izan zen atzokoa eta haren amari ere lore sorta eman zioten.
HONEKIN LOTUTA: