Udalak dio «ezinezkoa» izan dela uraren kalitate txarraren zergatia jakitea
Mutrikuko portuko eta Ondargaineko igerilekua itxita egon dira uraren kalitate txarra tarteko. Uraren kalitatea bere onera itzuli dena nabarmendu du udalak. Bandera horia ipini duteUraren aztekertetan jasotako emaitza txarrak tarteko, Mutrikuko portuko...
Mutrikuko portuko eta Ondargaineko igerilekua itxita egon dira uraren kalitate txarra tarteko. Uraren kalitatea bere onera itzuli dena nabarmendu du udalak. Bandera horia ipini dute
Uraren aztekertetan jasotako emaitza txarrak tarteko, Mutrikuko portuko igerileku naturalean bainua debekatuta egon da abuztuaren 20tik 28ra. Ondargaineko igerilekuan, aldiz, hilaren 27an uraren kalitate txarra zela jakin zuten, eta egun horretan han ere bainua debekatu zuten. Uraren kalitate txarraren zergatia jakiteko eta herritarrak lasaitzeko, Mutrikuko Udalak dagozkion azterketak egin ditu. Baina arazoaren zergatia aurkitzea «ezinezkoa» egin zaiela esan dute.Jakitera eman dutenez, Eskualdeko Osasun Ordezkaritzak bainuguneetan astero aztertzen du ura. «Abuztuaren 20an portuko igerilekuko ura aztertu zuten, eta E.Coli-an 1.281eko maila eman zuen; abuztuaren 22an eta 23an egindako azterketetan, aldiz, 1.022 eta 650 eman zuen». Onargarria den maila gorena 300 dela azaldu dute. Maila «dezente» gainditzen zuen ur kutsadura horren aurrean, Osasun Sailak bainua debekatzeko agindu zion udalari.
Abuztuaren 27an berriro aztertu zuten ura, igerileku zaharrean eta Ondargainekoan. «Igerileku zaharreko uraren kalitatea ona zela ondorioztatu zen, baina Ondargaineko igerilekuko urak kutsatua jarraitzen zuen. Azken horretan, esteetako enterokokoetan 414ko emaitza jaso zen».
«Jarraipen zorrotza»
Egoera horren aurrean, udala Gipuzkoako Urak-ekin jarri zen harremanetan, arazoa araztegiak sortutakoa izan ahal zela pentsatuta. «Teknikariek beharrezko azterketak egin zituzten, eta araztegian inolako isurketa arazorik ez zegoela ondorioztatu zuten». Ondoren, inguruan kokatuta dagoen kanpinaren hoditeria aztertu zuten. «Hango ur zikinak ondo dagoen hodi septikora isurtzen dituzte, beraz, arazoa ere ez zetorren handik».
Azterketa horiek egiten zeuden bitartean, Deba-Mutriku errepidean ere zaintza lanak egin dituztela esan dute, bazterretan aparkatzen duten autokarabanek estolderietatik ur zikinak hustu ahal zituztela pentsatuta. «Dena, ordea, ondo zegoen».
Asteon berriro egin dituzte azterketak, eta uraren kalitatea «bere onera itzuli» dela esan dute. «Dena dela, Osasun Sailak egoera arretaz jarraitzeko eskaera egin du, eta, beraz, hurrengo analisien emaitzak jakin arte bandera horia ipintzen jarraitzeko gomendioa egin digute». Udalak, bere aldetik, herritarrei jakinarazi nahi izan die uraren kalitatearen inguruko «jarraipen zorrotza» egiten jarraituko dutela, eta berririk balego, ahalik-eta azkarren jakitera emango dutela.