Aldundiak Oiz mendiko bidea egokitu du Vueltako etaparako
Hondatutako porlanezko xaflak aldatu eta bi landa kanadar konpondu dituzte. Irailaren 12an Getxon hasi eta Bizkaiko Begiratokian amaituko da 17. etapaBizkaiko Foru Aldundiak Oizko mendi bidean egoera txarrean zeuden tarteak konpondu ditu. Hain zuzen, h...
Hondatutako porlanezko xaflak aldatu eta bi landa kanadar konpondu dituzte. Irailaren 12an Getxon hasi eta Bizkaiko Begiratokian amaituko da 17. etapa
Bizkaiko Foru Aldundiak Oizko mendi bidean egoera txarrean zeuden tarteak konpondu ditu. Hain zuzen, hondatuta zeuden porlanezko xaflen lekuan berriak jarri eta zulotutako guneak egokitu dituzte.Horregaz batera, igoeran dauden bi landa kanadarrak konpondu dituzte, eta etaparen egunean xafla ez labaingarri bategaz estaliko dituztela jakitera eman dute.
Egokitzapen lanak atzo amaitu zituzten, eta horrenbestez, bidea prest dago datorren eguaztenean (irailak 12) Bizkaiko etapa izango dena hartzeko. Vueltako 17. etapan, txirrindulariek Getxoko kirol portuan hasiko dute ibilbidea eta 166,4 kilometro egingo dituzte.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren berbetan, etapa itzuli bat da Bizkaitik eta bertoko aniztasunetik eta bizkaitarrentzat oparia: «Izan ere, etapa hamar bizkaitarretik bederatziren ondotik pasatzea lortu dugu; Barakaldoko, Santurtziko, Portugaleteko, Sestaoko, Mungiako, Gernikako eta abarreko etxeetan sartzeraino ia-ia. Txirrindulariek eta zaleek elkarren beharra dute, eta uste dut ibilbide honek hori errazten duela, ikuskizuna eta hurbiltasun handia zaleagaz. Espero dut jende asko egotea animatzen areketan eta denon artean egun hori ahaztezin bihurtzea».
Ikusgarria eta jasangarria
Bizkaiko Begiratokian etapa amaitzea «ikusgarria» izango dela azpimarratu du: «Bizikletari diogun maitasun sakon horretatik, beste arrazoi bat gehitzen diogu kirol honi mendate berri bategaz, igoera ikusgarri bategaz, eta eguraldi ona eginez gero, Bizkai osoa ikusteko aukera eskaintzen duen gailur bategaz. Horregatik deitu diogu Bizkaiko Balkoia. Badakit gero eta zikloturista gehiago animatzen direla mendatea igotzera, ezagutzera, eta ez du inor hotz uzten».
Etapa jasangarria izatearen aldeko apustua egin du aldundiak. Hala, jasangarritasunaren eredu izateko, Bizkaiko Balkoirainoko igoera guztian zehar, gaikako bilketarako edukiontziak jarriko dituzte, eta etapa amaitzean, hondakin guztiak jasotzeaz arduratuko dira.
Zehatz esateko, gaikako bilketarako hamar puntu egongo dira, eta puntu bakoitzean bost edukiontzi jarriko dituzte, hondakin mota bakoitzeko bat. Beraz, organikoa, papera, beira, ontzi arinak eta errefusa bilduko dituzte. Rementeriak azaldu du- enez, ingurua etaparen aurretik dagoen moduan uzteko konpromisoa hartu du aldundiak, «eta ahalik-eta denbora laburrenean». Bertaratzen direnei ingurumena errespetatzeko eskatu die: «Denok batera lan egiten badugu, paperontziak erabiltzen baditugu, ingurumena ahal bezainbeste errespetatzen badugu, askoz errazagoa izango da».
Bizkaiko etapa telebistan zuzenean ematearen oihartzunaren garrantzia nabarmentzeagaz batera, Bizkaiko «postal bat» izango dela uste du ahaldun nagusiak: «Itsasotik abiatuko gara, Getxotik, Bizkaiko Badiatik, Europako Badiatik, eta mendira iritsiko gara; Ezkerraldea edo Bilbo bezalako hiri-gune handiak zeharkatuko ditugu eta baita herri txikiak eta Gaztelugatxeko Donienea edo Urdaibai bezalako babesturiko eremu naturalak ere; meatzetako burdina eta Guggenheimeko titanioa konbinatzen ditugu, iragana eta oraina elkartzen ditugu… Telebistan sei orduz zuzenean emango denez, aukera handia da bost kontinenteetako milioika ikuslek hemen daukagun lurralde ikusgarri hau ezagutu dezaten».
Vuelta lehiatzean ari diren bizkaitarren batek eguazteneko etapa irabazteari buruz ere aritu da Rementeria. Pello Bilbao, Omar Fraile, Igon Anton eta Jonathan Castroviejo edo bestela Murias taldeko edozein txirrindularik irabaztea izugarria izango litzatekeela adierazi du.