Udako azken egunak ere jai giroz beteta datoz Lea-Artibaira. Lekeitiarrek sanantolinak agurtzen dituzten bitartean, zapatuan Andra Mari eguna ospatzeko gogotsu daude Markina-Xemeingo Erdotzan, Gizaburuagan eta Gerrikaitzen. Gainera,
gizaburuagarrentzat jai nagusiak dira andramariak.
Gizaburuagan, esaterako, txapel jaurtiketaren zein gurpil biraketaren lehia izango dituzte zapatu eguerdian ondo pasatzeko. Arratsaldean ere giro alaia izango dute, briska eta tortilla txapelketetan elkartuko baitira.
Herritarren lana ondo sarituko dute aurten ere; briskako txapeldunek garaikurra eta 130 euro jasoko dituzte, eta tortillen lehiako irabazleentzat 100 euro eta garaikurra egongo dira. Txapelketa bietan lehenengo lau sailkatuak sarituko dituzte.
Oibarko Eguna ere berezia da gizaburuagarrentzat. Eguerdian, Oibarko ermitan meza entzun, eta hamaiketako ederra izango dute, gaiteroen soinuak lagunduta.
Munitibarren gaur da
zapatuko herri bazkarirako txartelak eskuratzeko azken eguna; udaletxean izena eman behar dute.
Irudian, Arratzuko Piraten trontza saioa, Gerrikaitzen. Aurten harrizulatze deman ariko dira.
Herriko jaietan kirol eskaintza zabala egoten da, eta Andra Mari jaiak ospatzen diren herriotan bada zertaz gozatu. Hain zuzen, Gizaburuagan umeen pilota partiduak dituzte zapatu eguerdian. Munitibarren, berriz, domeka eguerdirako prestatu dute herri kirol saioa. Arratzuko Piratak, Trapaga eta Kabiezes taldeetako ordezkariek
harrizulatze dema egingo dute. Talde arratzuarra Santos Arrietak, Xabat Erlegak eta Asier Zubiagak osatuko dute.
Bihar arratsaldean hasi eta domekara arte Andra Mari jaiak ospatzen dituzten hiru udalerriotan hamaika ekitaldi dibertigarri prestatu dituzte jai batzordeek. Paella, tortilla, mus zein briska txapelketak, disko jaiak, jokoak, tailerrak, mozorroak, antzerki, bertso nahiz dantza emanaldiak… Familian zein lagun artean elkartu eta aspertzeko astirik ez dute edukiko.
EGITARAUAK:
ERDOTZA (MARKINA-XEMEIN)
ETZI, IRAILAK 8
- Goizean. Kalejira Iderra Nagusitik Erdotzaraino, txistulariek eta txapliguek alaituta .
- 12:00. Meza, ermitan.
- 13:00. Zerutxu dantza taldea eta pintxoak.
GIZABURUAGA
BIHAR, IRAILAK 7
- 21:30. Kanpai jotea eta bolanderak.
ETZI, IRAILAK 8
- 11:00. Meza.
- 12:00. Joseba eta Mikel Urrutia trikitilariak.
- 12:30. Umeen pilota partiduak.
- 13:00. Txapel jaurtiketa eta gurpil biraketa.
- 14:30. Nagusien herri bazkaria.
- 16:00. Ehunzangoren eskutik puzgarriak eta jolasak ume eta gaztetxoentzat.
- 17:30. Briska Txapelketa (izen ematea: 10 euro bikoteko).
- 19:00. Tortilla Txapelketa.
- 21:30. Mexiko Lindo Mariatxiak Si SeƱor.
DOMEKA, IRAILAK 9
- 11:00. Meza, Oibarren.
- 12:00. Hamaiketakoa Ziorlako Gaiteroekin.
- 17:00. Umeen jolasak.
- 17:00. Mus Txapelketa, 4 erregetara (15 euro bikoteko).
- 18:00. Magia ikuskizuna Tor Magoaren eskutik.
- Ondoren. Jaien amaierako azken traka eta txokolatea.
GERRIKAITZ (MUNITIBAR)
ETZI, IRAILAK 8
- 11:30-14:30. Puzgarriak, tailerrak eta jolasak, plazan.
- 15:00. Herri bazkaria, elizpean.
- 16:00. Mus eta briska txapelketetarako izen ematea.
- 17:00. Sukar erromeria, plazan.
- 17:00. Mus Txapelketa (izen ematea: 20 euro bikoteko) eta Briska Txapelketa (izen ematea: 10 euro bikoteko), elkartean.
- 22:00. Deiedra eta DJ Mikel Egiluz, plazan.
DOMEKA, IRAILAK 9
- 12:30. Kopaua, plazan.
- 13:00. Dantza emanaldia, plazan.
- 13:30. Harrizulatzaileen arteko lehia, plazan: Arratzuko Piratak, Trapaga eta Kabiezes.
- 17:30. Trotamundos konpainiaren eskutik, zirku ikuskizuna, plazan.