Astelehenean [irailak 3] ez ohiko udal osoko bilkura egin zuten Ondarroan, eta
udal talde guztiek aho batez adostu zuten Kamiñaldeko obrak
Moyua, Gaimaz eta Geotunelen artean osatutako UTE Kamiñalderi esleitzea. Erabakia hartuta, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak kontratua sinatu zuen barikuan [irailak 7] UTE Kamiñaldeko ordezkariekin. “Datorren astean obra zuzendaritzagaz, geologoagaz eta topografoekin kontratua sinatu eta obrak hasiko dira”, esan dute udal eta UTE Kamiñaldeko ordezkariek.
Bedialaunetak dio kontratua sinatzea “herri txiki baten lorpen handia” izan dela. “Agintaldi osoan udalaren jarduna baldintzatu eta oztopatu du Kamiñaldeko ezbeharrak, eta amaitzear dago”. Halaber, gainerako erakundeek jarritako “diru laguntza urria eta bestelako zailtasunen gainetik herria aurrera ateratzea” lortu dutela esan du. “Kamiñaldeko bizilagunek bizitakoa iraganean geratzea lortuko dugu, eta aurrerantzean ondarrutar guztiek merezitako herria eduki dezaten lanean jarraituko dugu”.
Hasiera baten Viuda de Sanz/Tecimasa UTEri esleitu zitzaion kontratua, baina hark uko egin zuen, eta lehiaketan bigarren geratu zenak baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu ondoren, hari esleitu diote
Esleipenaren gorabeherak. Ondarroako Udalbatzak maiatzaren 18an egindako bilkuran Kamiñaldeko
mendi magala sendotu, egonkortu, drenatu eta ingurua leheneratzeko lanen kontratua Viuda de Sanz/Tecimasa UTEri (UTE Kamiñalde Sendotzea) esleitzea onartu zuen. UTE honi jakinarazpena bidali zitzaion ekainaren 28an. Jakinarazpen horretan uztailaren 5eko 12:00etan sinadura ekitaldira agertzeko eskatu zitzaion. Baina Gonzalo Calvo Hernandorena UTE Kamiñalde Sendotzea taldeko ordezkariak
esleipenari uko egin zion, eta udalari horrela jakinarazi zion uztailaren 3an sinatutako gutun baten bidez.
Egoera horen aurrean, lehiaketan bigarren geratu zen taldeari (Moyua, Gaimaz eta Geotunel) baldintza guztiak betetzen dituela baieztatzen duen dokumentazioa aurkezteko eskaera bidali zitzaion uztailaren 10ean. Irailaren 3ko txostenean behin-behineko idazkariak aurkeztutako dokumentazioa “nahikotzat” jo zuen, eta Udalbatzak esleipena onartu zuen.
HONEKIN LOTUTA: Kamiñaldeko mendi magalaren gorabehera guztiak, ATALA BEREZIA