San Nikolas eguna [irailak 10] gaurkoan ere goi-goitik ospatu dute Mutrikuko Samikolla auzoan. Ospakizunak, urtero egin modura, Tolentinoko San Nikolasi eskeinitako mezarekin hasi dituzte. Aita Txominek ermitaren aurreko zelaian eskaini du
elizkizuna, eta ondoren, auzoko boluntarioek prestatutako txorixo egosiarekin eta saldarekin urdailak asetzeko aukera izan dute. Bazkal ordua iritsi arte, auzotarrak lagun eta familia artean jai eguna ospatzen aritu dira.
12:00ak pasatxo, berriz, eguneko momenturik hunkigarriena etorri da: omenaldia. Normalean, meza bukatu orduko ematen da jakitera omendua, baina aurtengoan bestelakoa izan da. Luisa Alberdi Guenaga eta Juan Luis Arrizabalaga Osa omendu ditu jai batzordeak.
Sekulako ezustekoa izan da bientzat, eta auzotarren aitortza ilusio handiz jaso dute. Ezustekoan harrapatu ditu biak, eta erabat hunkituta jaso dituzte txapela eta lore sorta jai batzordekoen eskutik.
Samikollako auzotarrak aurtengo omenduekin
Omenduek
“engainatuta” ekarri dituztela azpimarratu dute. “Semeari saria ematera gentozela uste genuen. Eta azkenean engainatuta etorri gara”. Euren esanetan saria euren ordez, jai batzordeko gazteek merezi dutela aipatu dute
Jai batzordeak
jaietako “zutabe” direlako omendu ditu. “Urtero-urtero edozertarako prest egoten dira. Antolakuntzan beti laguntzan egoten dira, jaietako zutabea dira. Beti auzoko zaharren bat izaten da omendua, baina aurtengoan aldatzea erabaki dugu. Omenduak aurten aiton-amona bihurtu dira, eta eurentzako urte berezia denez, eskerrak emateko unerik egokiena zela iruditu zaigu”.
Azkenik, jaietako zozketa egiten amaitu dituzte aurtengo jaiak. Honakoak dira zenbaki sariatuak: lehen saria 1706 (1159 ordezkoa), bigarren saria 3499 (1760 ordezkoa) eta hirugarren saria 2448 (2803 ordezkoa). Sariei dagokienez, lehen sariaren irabazleak Bertan dendetan gastatzeko 150 euroko bonoa jasoko du. Bigarren saridunak, aldiz, bi lagunentzako afaria irabaziko du, eta hirugarren saridunak herriko produktuekin osatutako otarrea.
Samikollako auzotarren brindisa. Argazkia: Samikollako jai batzordea
Saridunek hamabost eguneko epea izango dute saria eskuratzeko. Saridunak
sjbsamikolla@gmail.com helbidera idatzita edo 658-729-493 zenbakira deituta jar daitezke kontaktuan jai batzordeko kideekin.
Arrakastatsuak. Jaiak, bestalde, zapatuan [irailak 8] hasi zituzten, giro ederrean. Ohi modura, brindis eta txapligu hotsarekin eman zietene jaiei hasiera. Ondoren egin zen auzo bazkaritan 50 bat lagun batu ziren.
Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, zapatuko ekintzak “arrakastatsuak” izan ziren. “Iluntze-gaueko egitarau betea izatearekin asmatu dugula uste dugu. Herritarren erantzuna oso ona izan da, eta auzoa jendez beteta egon zen zapatuan”.