Bocineros-Deiadar Xtreme Ultra traila lehiatuko dute lehenengoz. Hain zuzen, Bizkaiko bost Deiadar mendietatik egingo dute proba: Oiz, Sollube, Ganekogorta, Gorbeia eta Kolitza.
Barikutik domekara Bizkaiko 32 udalerritik egingo dute traila, 200 kilometrotan.
Gernika-Lumoko Batzarretxean izango du irteera eta helmuga, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako beste bi egoitzetatik ere pasatuko da: Abellanedako Batzarretxea (egungo Enkarterriko Museoa) eta Gerediagako foru zelaia. Barikuan 10:00hasiko da proba, eta domekan 18:00etan izango da kontrol itxiera. Parte hartzaileek ibilbide osoa betetzeko 56 orduko muga ezarri dute.
Hogei uri eta landa eremu, hamar mendizerra eta mendikate, 25 tontor eta bi parke natural hartzen ditu. Lasterketarientzat janari eta edariekin hamazortzi anoa postu jarriko dituzte. Horietan, gainera, erropaz aldatu, dutxatu eta masajeak hartu ahalko dituzte. Atseden hartzeko Bizitza Base deituriko bi puntu egongo dira, bata Balmasedan (90. km) eta bestea Barazarren (156. km).
Lasterketa bakarra da,alabaina, kirolari gehiagori parte hartzeko aukera eman asmoz,
hiru distantzia daude aukeran: 200 kilometroko Bocineros-Deiadar Xtreme Ultra, 105 kilometroko Deiadar Ultra eta 45 kilometroko Deiadar Maratoia. Denak Gernika-Lumon hasi eta amaitzen dira.
Deiadar Ultrak Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Durangaldeko hemeretzi udalerri batzen ditu. Besteak beste, Bermeon, Busturian, Kortezubin, Ereñon eta Aulestin anoa postuak egongo dira. Haimar mendik osatzen dute proba (tartean Sollube eta Oiz) eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik ere pasatuko dira korrikalariak. Barikuan 23:00etan hasiko da, eta zapatuan 00:00etan izango da kontrol itxiera.
Maratoia domekan egingo dute, 09:00etan hasita, eta 18:00ak bitartean amaitu beharko dute. Parte hartzaileak Busturialdeko hamar herritik barrena ariko dira arineketan; bost mendi igoko dituzte, eta besteren artean, Bermeoko, Busturiko eta Foruko anoa postuetan izango dute indarberritzeko aukera.
Fernando Perez probaren zuzendari teknikoa, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Oihan Arzua Bocineros Deiadar Xtreme trailaren zuzendaria, aurkezpenean. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak.
Kultura eta historia. Trail 52 Sport Mendi Kluba mendi taldeak antolatutako proba aitzindari honek hainbat erakunderen laguntza dauka. Bizkaiko Batzar Nagusiak, Urdaibaiko?Patronatuak eta Gernika-Lumoko Udalak bultzatutako proba da, eta Gurutze Gorriak eta Land etxeak ere babesten dute. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearen berbetan, lasterketak kultura, historia eta tradizioa uztartzen ditu, bai eta ingurumenarekiko errespetua, naturarekiko maitasuna, sakrifizioa eta norbere mugak gainditzea edota markak hobetzea ere.
Bertoko historia bultzatu eta ezagutarazteko helburuaz gain, Bizkaiak «naturaren eta paisaiaren ikuspegitik» dituen balioak erakusteko sortutako proba dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Kirolariak eta ikusleak hartu-eman zuzenean jartzen ditu Bizkaiko historiagaz, naturagaz eta etnografia ondareagaz”.
Ibilbideen espazio naturalen erabilera iraunkorra eta arduratsua sustatuko dutela adierazi dute. “Proba ezin hobea da mendizaletasunaren balioetan murgitzeko, korrikalarien muga fisikoak zein psikologikoak proban jartzeko eta lehiakideekin nahiz norbere buruagaz lehia garbian neurtzeko”.