Datorren urte hasieran udal gimnasioa edukiko dute herrian etxebarritarrek. Frontoi barruko arkupea gimnasio bihurtzeko lanetan dabil udala, eta
urte amaierarako prest eduki nahi dute guztia.
Lanak emanda dituzte jadanik eta obrak hasteko zain daudela jakitera eman du Jesus Iriondo alkateak. «Urre enpresak gauzatuko du obra, eta aste honetan hastekoak dira», azaldu du Iriondok.
Etxebarriko frontoia eta probalekua.
Lehen fase honetan
aldagelak eta komunak eraikiko dituzte, eta gimnasioa kokatuko den gunea kristalagaz itxi eta
gimnasioa bera eratu. «Aste honetan ariketak egiteko makinak ikusten ibiliko gara adituekin, horrelako gimnasio txiki batera ekarteko egokiena zer den jakiteko». Gutxi gorabehera, 100 metro koadroko gimnasioa geldituko da.
Urte honetan lehen fasea burututa, datorren urtean bigarren faseagaz hasiko liratekela aurreratu du alkateak. Izan ere, frontoia birmoldatu eta kirolerako eta aisialdirako erabilera anitzeko gune bihurtzea dute azken helburua, eta bigarren fase horretan
probalekuko lurzorua estali,
kontrakantxa jarri eta erabilgarritasun gehiago eman nahi diote. «Ahal bada harmailetarako ere partida bat gordeko dugu».
Alkateak aitatu duenez, ia-ia 300.000 euroko aurrekontua izan du proiektuak.