Bost txirrindulari zaldi baten aurka. Horixe bera da barikuan, 19:00etan, Berriatuan herritarrek ikusi ahalko duten ikuskizuna. Bakene Erkiaga zaldizko berriatuarra eta haren zaldia herriko bost txirrindulariren aurka neurtuko dira. Erronka ondokoa da: Asterrikara zein heldu lehenago. Ekintza hori izango da
Aitxe Kutz jaiei hasiera emango diena.
[JAIETAKO EGITARAUA IKUSI]
Ikuskizuna Aitxe Kutz jaien baitan dago kokatuta. “Ez dago aposturik. Ikuskizun polit bat eskaintzea da gure asmoa”, dio Ander Txakartegi txirrindulariak. Txakartegigaz batera Kepa eta Xabier Garate ‘Seleta’ anaiak, Egoitz Aranzeta eta Aitor Antxustegi ariko dira txirrinduan. Erreleboka egingo dute erronka egiteko aukeratu duten 1.400 metroko ibilbidea.
Sagarmintxen hasiko da proba, eta Etxano Burun amaitu. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, txirrindulariek hogei segundoko abantaila edukiko dute irteeran. “Lehia nahikoa estua izango da, ikusgarria, oso”.
[JAIETAKO EGITARAUA IKUSI]
Antxustegi da txirrindulari zaharrena, eta bera da probari hasiera emango diona. “Xabi Garatek emango dio erreleboa, eta hirugarren Kepa Garate sartuko da. Laugarrena txirrindulari gazteena izango da, Aranzeta. Eta azken zatia nik egingo dut”, dio Txakartegik. Azken zatian presio gehiago edukiko duela dio. Erreleboka aldapa baten aritzea ere nahikoa konplexua izango dela dio.
Ikusleentzako oharrak. Edozelan ere, herritar asko gerturatzea espero dutela esan du. “Ikuskizunak merezi du, eta uste dugu jende asko etorriko dela ikustera”. Hori bai, proba ikustera doazenei errepidea 18:45ean itxiko dutela jakinarazi diete. “Gora joan nahi dutenek lehenego joan beharko dute. Errepidea itxita egongo da 19:15ak arte”. Eta autoak eta publikoa asfaltotik kanpora egon beharko direla esan dute. “Asfaltoan egingo da proba eta”.
Aurten, beraz, Aitxe Kurutz jaiek hasiera ikusgarria edukiko dute. Jaietako ekintzak, baina, hilaren 22ra arte luzatuko dira.
[JAIETAKO EGITARAUA IKUSI]