Asier Polo bilbotarraren saioagaz hasiko dira Ziortzako kontzertuak
Ziortzako Monasterioan egiten duten musika klasikoko emanaldien zikloak 30 urte betetzen ditu aurten. Musika barrokoa izango da bi domeketako protagonistaAsier Polo bilbotarra bere belaunaldiko biolontxelo jotzailerik handienetakoa da kritikari adituen...
Ziortzako Monasterioan egiten duten musika klasikoko emanaldien zikloak 30 urte betetzen ditu aurten. Musika barrokoa izango da bi domeketako protagonista
Asier Polo bilbotarra bere belaunaldiko biolontxelo jotzailerik handienetakoa da kritikari adituen arabera, eta bere emanaldiagaz hasiko dira aurtengo Ziortzako Kontzertuak, zapatuan. Hain zuzen, kontzertu multzo horrek 30. urteurrena betetzen du aurten.Musikeneko eta Madrilgo Alfonso X El Sabio Unibertsitateko Musika eta Arte Eszenikoen fakultateko irakasleak Johan Sebastian Bach musikari eta konpositore alemaniarraren hiru pieza ezagun eskainiko ditu Ziortzako Monasterioan. Polo nazioarteko orkestra garrantzitsuenetan bakarlari moduan jardun izan da, eta gaur egungo musikagaz konprometituta dago. Bere lana sarritan saritu dute, eta nazioarteko zenbait biolontxelo lehiaketetan epaimahai moduan aritu da.
Txanbela otxotea
Bestalde, Ziortzako Kontzertuen lehen egunean, Txanbela Otxotearen emanaldiaz gozatuko dute bertaratzen direnek. Taldearen errepertorian euskal fokloreko abesbatzetako lanak nagusitzen dira.
Josean Vega zuzendariak sortu zuen iaz, Juango Mena orkestra zuzendari ezagunaren eskariz. Helburu zehatz bategaz jaio zen aipatu taldea: Cincinnati May Festivalean, halako taldeen artean euskal kultura tradizioa ezagutara ematea.
Beste alde batetik, Forma Antiqva barroko motako musika taldea eta Eugenia Boix soprano aragoarra izango dira domekako protagonistak. Espainiako kontzertu, ziklo eta jaialdietatik ibilbide oparoa bete dute, eta espainiar kritikarien iritziz, gaur egungo musika klasikoko talderik garrantzitsuenetakoa da. Horrez gain, Europako jaialdi entzutetsuetan ere euren doinuak erakusteko aukera eduki dute behin baino gehiagotan.
Pablo, Daniel eta Aaron Zapico dira taldeko muina, alabaina, beste hainbat musikarigaz elkarlanean aritzen dira. Gainera, Forma Antiqva Oviedoko Principe Felipe Kongresu Jauregiko Auditorioko talde egoilarra da.
Beste alde batetik, adituen iritziz, Boix huescarraren ahotsak maisutasuna eta heldutasuna batzen ditu, eta ikus-entzuleak aho zabalik uzteko gogoz hurbilduko da Ziortzara.